Gaurko esprintean beste esprinter bat garaile: Henderson

Henderson. Vueltako 3. etapan garaipena

Ez da izan Cavendish. Ohituak gaude Columbia-HTCko esprinterren batek irabazten duenean Cavendish dela pentsatzen, argazkia jarri izan ditugun askoren antzekoa baita, baina ingelesa ez da Vueltan. Hori bai, Columbia-HTCk gaurkoan argi utzi du esprinter on bat baino gehiago dituela taldean.

Espero bezala gaurko etapako irabazlea ere esprintean erabaki da. Askok Boonen, Farrar, Ciolek edo Bennatiren urrezko maillotaren goseak garaipena hauen artean izango zela pentsatu dugu, baina ezustekoa emanda, Hendersonek eskuratu du garaipena.

Etapa hasieran hirukote batek osatu du gaurko ihesaldia: Rosendo, Hoogerland eta Boomek. Bi holandar eta espainiarrek kilometro askotan ihes eginda izan dira, baina gaur ere tropela ez zegoen ihesaldirik onartzeko. 30 km-ren faltan begi bistan izan du tropelak hirukotea eta horretaz ohartuta, Boomek amore ematea erabaki du. Rosendok, berriz, ez zuen amore emateko asmorik eta hasieran Hoogerland berarekin zuela eta beranduago bakarrik, 15 km inguru egin ditu tropelaren aurretik. Ahalegindu da Anducia CajaSur-eko txirrindularia, baina alferrik zen.

Gaurkoan ere abiadura handia hartu du tropelak, baina atzokoan ez bezala, txirrindulariek zuhurtzia gehiagoz hartu dutelako edo, ez da erorikorik izan. Azken metroetan bazirudien Vacansoleil taldeak Bozic-i garaipena eskura jarri diola, baina ez da gauza izan abiadura mantentzeko eta Hendersonek aurre hartuaz etapa garaipena eskuratu du. Gaurkoan Freire hobeto ibili da eta hirugarren sailkatu da.

Garbi dago esprintetan ez dagoela faborito garbirik (Cavendish falta delako behar bada?). Zalantzarik gabe, egoera honek mesede gehien Cancellarari berari egiten dio, helmugan diren gain-sariak txirrindulari ezberdinen artean banatzen ari baitira eta horrela ez dira gauza lidergoa kentzeko. Horrenbestez, hirugarren egunez jarraian Cancellarak lasterketako lider jarraitzen du pronostiko askoren kontra.

Biharko etapan lasterketa Holandatik Belgikara pasako da. Bi herrialde hauetan zehar egin behar duten ibilbidean 4. mailako hiru mendate igaro beharko dituzte. Horrek etapa ehiztariei txanda etor dakiekeela pentsa arazten digu. Hala eta guztiz ere, ikusi beharko da esprinterren taldeek zein jarrera hartzen duten.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.