Vesuvion Sastreren bigarren erakustaldia

Sastre. 19. etapan garaipenaSastrek merezitako etapa garaipena lortu du. Helburua, ordea, ez zen etapa garaipena beharbada. Pellizottik Blockhauseko etapan berak Monte Petranon lortutako podium postua kendu zion eta berreskuratzea zuen helburu nagusia. Ez da gauza izan behar besteko denbora tartea ateratzeko iazko Tourreko garailea eta etapa garaipenarekin konforme izan behar. Cervélo taldearen hirugarren etapa garaipena horrenbestez.

Gaurko etapa Vesuvioko igoera izango zela bagenekien. 16. kilometroan bi txirrindularik aurrera egin dute tropela atzean utzita, Facci eta Krivtsov. Vesuvion, ordea, protagonismoa sailkapen nagusiko txirrindulariak izan behar zuten aurtengo Italiako Giroa irabazi nahi bazuten. Nagusiena Di Luca bera, gaurko etaparen aurretik hain desiratua duen maillot arrosa 26 segundora baitzuen. Horregatik LPR taldea sendo jarri da bi iheslariak Vesuviorako igoera hasterako harrapatzeko lanean eta lortu ere lortu dute. Hala ere Facciri ezin zaio meriturik kendu aurtengo Giro honetan gaurkoaz gain hiru ihesalditan sartu baita, 7., 15. eta 17. etapetan.

Mugimendu asko izan da 10 kilometroren faltako pankarta pasa bezain laster, Vesuvioren igoeran hasieran. Liquigasek Agnoli bidali du aurrera talde estrategia moduan. Atzetik Tiralongo agertu zaio eta honek aurrera egin du, baina indartsuena Bassok jo du. Aurreko biak erraz harrapatu ditu eta lasterketa buruan jarri da. Faboritoen tropeltxoan mugimenduak ere hasi dira, hauen artean Ochoa, Garzelli, Simoni,… baina benetan eraso garrantzitsuena eman duena Sastre bera izan da. Ohikoa duen bezala, erritmoa aldatu eta erritmo horri eutsiz aurrera egin du. Basso ere erraz asko harrapatu du. Atzean Pauwels Sastreren mesedetan galga lana egiten jarri da denbora tartea atera zezan. Liderra eta Killerra elkarrekin uneoro.

Sastrek eta Bassok igoeraren zati bat elkarrekin egin dute, baina Sastrek italiarra atzean utzi nahi zuen sailkapen nagusian arerio zuzena baitzuen. Egin ere hala egin du. Momentu horretatik aurrera bakarrik egin du Sastrek gelditzen zitzaion bide zatia. Atzean sailkapeneko lehen postuko hiru txirrindularien artean lehia zegoen. Pellizotti ez bazen Di Luca zen erasoa jotzen zuena, baina Menchov eraso guztiak eroso erantzuteko gauza izan da.

Sastrek denbora tartea ateratzen ziola ikusita, Pellizottik beste eraso gogorrago bat jo eta aurrera egin du. Eraso horretan Di Luca eta Menchov atzean uzteko gauza izan da eta Bassorekin bat egin du hau zain baitzuen laguntzeko. Bassok bidean lagundu dio baina azken metroetan denbora tarteak murrizte aldera aurrera jotzea erabaki du. Atzean Di Luca erasoak bata bestearen atzetik jotzen ari zen, baina errusiarrak egoskor ederki eutsi dio. Maglia arrosa eta maglia ciclaminoa elkarrekin aurrerantz joan dira Basso gainditu arte.

Helmugan, beraz, Sastrek garaipen ikusgarria lortu du. Pellizotti 18 segundora bigarren sartu da eta Di Lucak azken metroetako esprintari esker, Menchovi hirugarren postua eta gainsaria kendu dizkio. Hori izan da Killerrak lortu ahal izan duen sari bakarra gaurko etapan.

Sastrek bere ahalegina egin du Monte Petranon besteko borobil atera ez bazaio ere. Podiumetik kanpora geratu da eta ez zait iruditzen igandean Erroman Pellizotti gailentzeko gauza izango denik. Liquigas ere ondo ibili dela deritzot, Pellizottiren hirugarren postua mantentzeko Bassorena sakrifikatzeko erabakia hartu baitu. Segur aski erabakirik zuzenena lasterketaren nondik norakoa ikusita. Di Luca, berriz, bere azken aukerak aprobetxatu beharrean izango da. Ez du ez berak eta ez taldeak saiatu ez direnaren damurik izango, baina errusiarra gehiago da eta azken eguneko erlojupekoan ezbeharren bat geratuko beharko litzaioke Menchovi Di Lucak denbora ateratzeko. Lehen bi postuak 18 segundoren barruan dira, lehia estua dirudi, baina geratzen diren bi etapak kontutan hartuta guztia erabakita dagoela iruditzen zait. Menchov zalantzarik gabe ikaragarri lidergoaren defentsan.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.