Ypres, infernutik infernura

ypres

1914. urtean Flandeseko Ypres hiria Europako gunerik garrantzitsuenetakoa bihurtu zen. Lehen Mundu Gerraren hastapenak ziren haietan, Alemaniak Belgika neutrala okupatu zuen, bertatik Frantzian sartu eta berebiziko kolpea jo asmoz, euren Schlieffen Planak aurreikusten zuenaren arabera. Alemaniarren iragarpenak ez ziren bete ordea, gerrak uste zena baino askoz luzeago jo zuen, eta Ypres-eko biztanleek gudaren lazgarritasuna euren azaletan nozitu behar izan zuten: lau urte luzeko odolustea, eta guneak suposatzen zuen estrategikotasuna zela eta, hiru gudu garrantzitsu bezain gordin.

100 urte pasa dira orduz geroztik, eta gizakiak Historia modurik krudelenean markatuko zuen gertakari hartatik behar baino lezio gutxiago ikasi baditu ere, Ypres-en behintzat pozik izateko arrazoiak dituzte aurten. Gertatutako eta batez ere pairatutakoaren oroimen gisa, Frantziako Tourrak aurtengo ekitaldiko bostgarren etapako irteera eman dio. Eta ez nolanahiko etapan: Arenbergen atarira eramango duen ibilbidea izango duena hain zuzen, orotara 15,4 kilometro harbidetan izango dituena azkeneko 70 kilometrotan, 9 sektoretan banaturik. Horien artean, Carrefour de l’Arbre ezagunaren zati bat. Oroigarriaren mailako etapa, beraz, eta berriz ere Ypres hiria estrategiko bilakatuko duena.

tourdefrance2014stage5

Tourrak harbidea zapaltzen duen bakoitzean klasikozaleoi bizipoza eragiten digu, horretan zalantza gutxi da. Halako lasterketa batean ibilbide justua den ala ez eztabaida liteke, baina ikuskizuna ukaezina da, eta horrekin batera, sortzen duen ikusmira. Ikuskizun horretaz haratago, alabaina, kirol faktorea bera dago. Eta gertuko aurrekariek erakusten dute oso aintzat hartu beharreko etapa baten aurrean garela.

2004an Waterloo eta Wasquehal hiriak elkartu zituen etapa ongi gogoratuko dute euskal zale gehienek. Bertan zapuztu baitziren Euskaltel-Euskadiren bi taldeburuen itxaropen ia guztiak. Iban Mayok erorikoa izan zuen, eta talde osoaren laguntza gutxi izan zuen US Postal indartsuak ezarritako erritmoak eragindako tarteak leuntzeko. Helmugan, ia lau minutuko galera igorretarrarentzat eta Haimar Zubeldiarentzat.

Orduko hartan tropel handi xamarra (ia 100 txirrindulari) heldu zen helmugara, baina oso bestelakoa izan ziren kontuak 2010ean. Helmuga aurtengo gune berean izan zuen etapan harbideetako gizon indartsuen joak amaieran sei gizonez osatutako multzoa utzi zuen garaipenaren lehian. Thor Hushovd izan zen nagusi, baina Fabian Cancellarak lezio handi bat irakatsi zuen: talde edo taldekide on batez gidaturik, harbidea ia ezagutu ere egiten ez duten gizonek etekina atera diezaiokete modalitate honi. Gerora Tourra irabaziko zuen Andy Schleckek (aski ezaguna den polemika tarteko) ongi baino hobeto eskertu zion suitzarrari bere alde egindako lana, txanponaren beste aldean bere anaia geratu bazen ere, eroriko baten ondorioz lasterketatik kanpo.

Podiumerako gizonen papera

Honenbestez, sailkapen nagusirako hautagaien artean biziraute hutsa arrakastatsutzat hartzen den bitartean, askorentzat beren aukerak sendotzeko moduko etapa dela iruditzen zait niri. Chris Froome eta Alberto Contador dira, alde handiarekin, Parisen podiumaren gorenean izateko faborito, aurrekoan Seibol tropelkideak aipatu bezala. Eurek aski izango dute, ondo bidean, Tourrak eskainiko dituen gainerako zailtasunekin beren nagusitasuna azaltzeko. Eta horrexegatik, beste hautagaien apustua zein den jakitea interesgarri suertatzen da.

Hasteko, partehartzaile zerrendari erreparatuta, itzuli-gizonen artean harri gainean habilezia handiena erakutsi izan duen inor izango ez dela azpimarratu behar da: Bradley Wiggins, Ryder Hesjedal eta Cadel Evans ez dira lehian arituko. Hori alde batera utzita, Froome eta Contadorren taldeak lasterketa osoari begira diseinaturik dauden bitartean (britainiarrak Bernhard Eisel eta Geraint Thomas aldamenean izango baditu ere), bada multzoa harbidezale indartsuz hornitu duen talderik. Guztien gainetik Bauke Mollemaren Belkin aipatuko nuke: Vanmarcke, Boom, Tankink eta Wynants-ekin, taldeak duen ia guztia eskaini dio herbeherearrari. Tejay Van Garderen ere pozik egoteko moduan da, BMC-n Van Avermaet, Burghardt, Oss edo Schär lagun izango baititu. Eta baita hautagaien artean ordekari dagokionez ahulenetakoa izan litekeen Jurgen Van den Broeck-ek ere, Bak, Gallopin, Roelandts edo Sieberg nahikoa berme baitira Lotto-Belisolentzat. Aurkako aldean, Rui Costaren Lampre eta Alejandro Valverderen Movistar hasiera batean ahulenetakoak direla dirudi, baina portugaldarrak eta espainiarrak beren aurkariek baino dohain hobeak izan ditzaketela pentsa daiteke. Vincenzo Nibalik ere Astanan ezer gutxi zeukan aukeran, eta Grivko, Westra edo Maxim Iglinskyrekin konformatu behar izango du. Azkenik, Michal Kwiatkowskiren Omega Pharmak, bere sprintetarako trena ez zigortze aldera, tarteko bide bat hartu du, eta Boonen, Stybar eta Vandenbergh etxean utzi dituen bitartean, Matteo Trentin eta batez ere, aurtengo Paris-Roubaix eskuratu duen Niki Terpstra sartu ditu, Tony Martinek harbide gainean egin dezakeena beste atrakzio-foku bat izan daitekeen bitartean.

Sona handiko garaipena

Paris-Roubaix aipatu dugula, Iparraldeko Infernuaren bertsio txiki honek suposatzen duena ez da ahaztu behar. Beren eginkizunak udaberrira mugaturik ohituta, zalego askoz zabalago baten aurrean ezagutarazteko aukera oso erakargarri suerta daiteke harbideetako espezialista askorentzat. Ez dago jakina Paris-Roubaix-en garaipenarekin inolaz ere alderatzerik, baina nolabaiteko erredentzio modura ikus liteke askorentzat, orain lau urte Hushovd-entzat izan zen bezalaxe. Zentzu horretan, taldeburu argirik gabe aurkeztuko diren espezialistak, gutxi izan arren, izan badira. Guztien gainetik, hiru izen: Fabian Cancellara bera, John Degenkolb eta Peter Sagan. Gainerakoek talde-lana eta arrakasta propioaren artean hautua egin beharko dute (Langeveldek eta Van Summerenek Talanskyrekin, Paolini eta Kristoffek Joaquim Rodriguezekin, edo aurrez aipatutako izen guztiek).

Kontuak kontu, Andy Schlecken aurrekariak argi erakusten du etapari etekin ateratzeko moduan izan daitekeela bat baino gehiago, bere ahultasuna aurkariena baino handiagoa izan ez eta talde sendo batek lagunduta badago, eta, berriro esanda, guztietan nagusi den baldintza betez gero: zortea alde izatea. Baina guzti horren gainetik, garaile eta galtzaileen gainetik, txirrindularitzazaleok pozik egoteko motiboak dauzkagu; harbide sektoreen aurretik bizi den tentsioa, sektoreek berez sortzen dituzten bakanduak, etab. gozamen hutsa baitira. Hala izan dadila aurten ere, eta Ypres hiriak 100 urteren ostean beste mota bateko infernu honekin gozatzeko parada izan dezala.

Argazkiak: diggerhistory / roadcyclinguk