Kristona, Chris

Euskaltel-Euskadi eta Fernando Alonsoren arteko hitzarmenak itzalean utzi zuen atzo Hornerren garaipena Espainiako Vueltan. Pena da, Txikitok -hala esaten omen zioten Saunier Duval taldean zegoenean- handia egin baitzuen. Bigarren etapa garaipena eta liderraren maillota soinean. Baietz podiumean bukatu. Zergatik diodan Hornerrek podiumean bukatuko duela? Bada Hazallanasen gora egindakoa oso handia izan zelako. Ez alferrik, faborito nagusiari, Nibaliri, 48 segundo atera zizkiolako, eta hori asko da. Ez zuen behera egin azken kilometroetan, egurrean egin zuen igoera makurra. Purito eta Valverderi minutu bat baino gehiago atera zien, harrapazak…

40 urte betetzean krisia iristen omen da -batzuk ate joka dugu honenbestez-, gainbehera hasten ei da… Baina argi dago Hornerrek ez duela halakorik jasan. Gorriak ikusi zituen txirrindularitzan toki bat lortzeko eta orain, 42 urte beteko ditu urrian, gozatzen ari da, beti irribarrea ahoan. Egia da mendiko etapa asko falta direla itzulia bukatzeko eta luze egin dakiokela hiru asteko itzulia, baina adinak behintzat ez du akatsen bat egitera eramango… Eta ez ahaztu Euskal Herriko Itzulia irabazi zuenean, 2010ean, Valverde eta Purito orpoz orpo zuela eta horrek ez zuela kikildu. Mendiko etapez ari garela, deigarria da lauzpabost etapa aldapan gora bukatu izana dagoeneko eta Valverdek eta Rodriguezek garaipenik ez lortu izana. Sasoi betean ez dauden seinale, nire ustez. Joan den urteko Espainiako Itzulian zorroa bete etapa bukatu zuten. Valverdek bi eta Rodriguezek hiru. Nibalik, marrazoak, kosk egin diezaioke Hornerri, baina Valverdek eta Rodriguezek hortzak asko zorroztu beharko dituzte estatubatuar ttikia irensteko.

Hazallanaseko etapa eta orain arteko sailkapen nagusia beste detaile batzuk erakusten ari zaizkigu, adin kontuekin jarraituz. Txirrindularitza aldatzen ari dela diotenak ez dabiltza oker. Zenbait ziklista beterano ikusten ari gara tropelaren buruan etapa gogorrenetan: Horner bera (41), Valverde (33), Purito (35), Basso (35)… Duela urte batzuk ia-ia pentsaezina zen. Hamaika adibide jar daitezke, baina baten bat jartzearren Eddy Merckx handienetan handienak 29 urterekin irabazi zuen bere azken itzuli handia: Tourra 1974. urtean. Atera kontuak…

Urtekariak (@urtekaria) nabarmendu du Poulidorrek 40 urterekin zapaldu zuela Tourreko podiumera eta Zoetemelk Amstel Gold Racen gailendu zela 40 urterekin. Beste bat gehituko dut nik: Duclos Lassalle klasikomano frantziarrak 38 urterekin irabazi zuen bigarrenez Paris-Roubaix. Hala ere, Horner marka guztiak hausten ari delakoan nago, eta Espainiako Vueltak zirrikitu horretatik ere uste baino oihartzun handiagoa izan dezake.

Bide batez, inork entzun al dio esaten aurtengo denboraldiaren bukaeran erretiroa hartuko duela?