UK Postalen erritmora

Armstrong-ek ez du jarraituko EEBBtako antidoping ajentziak irekitako kasuan borrokan. Bertan, US Postal taldean sistematikoki dopina praktikatzen zela esaten da. Berak dioenez, etsita, nik uste azken asteetan bere taldekide izandako Hamilton, Vaughters etabarrek aitortu baitute hau benetan hala izan zela. Beraz, bere garaian irabazitako garaipenak kendu ahal dizkiote, tartean Frantziako 7 Tourrak (idatzi ahalko da honen inguruan aurrerago).

Gogoratzen naiz Uztaileko etapa haiek, non urdinez jantzitako txirrindulari horiek nola dominatzen zuten tropela nahi bezela. Gauzak argitzen ari direla dirudi. Aurten ere antzeko zerbait ikusi dela esango nuke, kasu honetan, elastiko beltzez jantzitako britainiarrak. Izan ere, sailkapen nagusian lehen bi txirrindulariak izan dira, azken 3 etapak ere beraienak (eta Peyreagudes-en bi hauek elkarri begira jarri zirelako, bestela 4), erlojupeko espezialista australiarrek mendatetan emandako maila… Garai haietan bezelaxe, taldeko bigarren liderra, Heras, Espainiako Itzuliak irabazteko gai zen Tour bikainak egin ondoren. Aurten ere antzeko zerbait gerta liteke…

Rapitango malda motz zein pikoak eta atzokoan izandako beroak uste baino min gehiago egin zuen hautagai nagusien artean. Berak diseinatuta zirudien bukaeran, Rodriguez izan zen irabazle (antzeko garaipenak aurten Ibardin, Huy edo Asisen antzeko amaieretan), baina harridura handiagoa sortzen dit Sky taldeak erakutsitako nagusitasunak.

Atzo ere, Tourreko lehen etapa menditsuan bezela, Henao (a ze lehen denboraldia! Itzulia, Giroa…) eta Uran (iadanik laugarren postuan sailkapen nagusian) kolonbiarrek etapa garailea ez beste guztiak lehertu zituzten (tartean Mollema eta Gesink) eta Froomek mahai gainean kolpe gogorra eman. Contador bera ere lehertu zuten eta, beharbada garrantzitsuagoa, dudak sortu Pintoko mutilari, batik bat ikusita keniarra nola dabilen (azken urtebetean soilik) erlojuaren kontra. Etapa eta mendate gogorrenak etortzear daude, baina 2’’ko bonifikazioak hartzen saiatzen dabilena beharbada ez dago hasieran zirudien bezain fin. Beltzezko gizonek, aldiz, beldurra ematen dute, garai batean urdinek bezela.

Gureei dagokienez, Igor Antonek ere egun txarra atzokoan, eta iada 2 minutuko atzerapena dauka. Urte guztia hau prestatzen, bere azken aukera aprobetxatu ezinda. Beñat Intxausti berriz, morrontza lanean…

Ez nuke amaitu nahi De Gendt flandiarrari aipamenik egin gabe. Paris-Niza eta Giroan bezela, urrunetik jotako eraso baten protagonista atzokoan, tropelak ederki izerditu behar izan zuen hau harrapatzeko. Edozein lasterketatan talde handia kolokan jartzeko gai den txirrindularia. Honek ere aukerarik ez dauka nagusian baina ikusiko degu berriro ere aurrerago, ziur.

Argazkia: steephill.tv