#20000baietz kanpaina. Inoizko tropelik handiena Tourrean!!

Gaur hasi eta hurrengo ostirala bitartean, bi egunak barne, #20000baietz kanpaina jarriko dugu martxan. Kanpaina honen bidez Tropelak lehiaketa berean inoizko kiniela kopururik handiena biltzeko asmoa du, 20.000 kiniela. Marka handia da izan ere azken urteetan 18.600tik gora lortu genituen 2016an, eta iaz atarian geratu ginen, 19.770 kinielekin. Lortuko ote dugu erronka? Zuen laguntzarekin seguru baietz!

Asmoa sare sozialetan prestatu ditugun irudiak zabaltzea da #tropela eta #20000baietz etiketekin. Mezuaren edukian nahi duzuena jar dezakezue, beti ere bi etiketa horiek, ondorengo irudietako bat eta tropelaren kontuei aipamena gehituz, guk ere mezuen berri izan dezagun.

**Twitterrerako irudia jaitsi**

**Facebookerako irudia jaitsi**

**Instagramerako irudia jaitsi**

Nola ez, kanpaina parte hartzen duzuen guztion artean #tropelafaktorea kamiseta bat zozketatuko dugu egunero (gogoratu gure dendan eskuragai duzuela). Zozketa hurrengo egunean egingo da eta sarituren berri bai sare sozialetan baita post honetan bertan ere emango dugu. Gogoratu egunero zozketa berri bat izango dela, beraz, egunero har dezakezue parte egunero mezu berri bat zabaltzen baduzue.

Ea ba guztion artean 20.000 kiniela horiek lortzeko gai izaten garen!!

Zuzenean 2013 Frantziako Tourreko kinielaren aurkezpena (zuzenean)

Jada gutxi falta da denboraldiko lasterketarik garrantzitsuenaren kiniela egiteko epea irekitzeko. Gu buru-belarri gabiltza ahalik eta kinielarik interesgarriena prestatzeko eta kinielak egiten hasteko epea ireki aurretik zuzenean aurkeztu nahi dizuegu.

Aurkezpena zuzenean bihar gauean izango da 22:15etatik aurrera. Jarraipena post honetan bertan egin ahal izango duzue, baina baita gure Youtubeko kanalean edo gure Google+eko orrialdean bertatik ere. Hemen duzue ekitaldiaren gonbidapena Google+en eta hemen Facebooken.

Zuzeneko saioak irauten duen bitartean zuen iruzkinak helarazteko aukera izango duzue. Horretarako post honetan bertan idatzi ditzakezue iruzkinak, Google+en #TDF13_tropela_kiniela etiketa erabilita edo Twitter bidez ohi bezala #tropela etiketa erabilita.

Gu jada irrikitan gaude Tourreko kinielak egiteko epea irekitzeko. Zuek?

Tropela.net-eko maillotak edota txapelak hemen eros ahal izateko egin klik hemen.

#76 Tropela.net podcastak: Ardenetako Hirukotea 2013. Ibilbidearen eta txirrindularien azterketa

Post honetan Axier Sukiak (@sukigalp), Hibai Martinez eta Egoitz Lizasok (@elizaso) grabatutako podcasta aurki ditzakezue. Podcast honetan 2013 Ardenetako Hirukoteari errepasoa egiten diote, denboraldiko hirugarren kinielari begira interesgarri izan dakizukeena. Gainera askok eskatu diguzue podcast hau prestatzea eta nola esan ezetz!

Hona hemen jorratu diren gaiak:

– Ibilbideari errepasoa.
– Multzoei errepasoa, bai gizonezkoen multzoei baita emakumezkoei ere.
– Zein estrategia erabili txirrindulariak hautatzeko orduan? Solaskideek zenbait klabe eta izen ematen dituzte.

Argazkia: Team Sky

#75 Tropela.net podcastak: Paris-Niza 2013. Ibilbidearen eta txirrindularien azterketa

Post honetan Axier Sukiak (@sukigalp), Iban Perezek (@piban) eta Egoitz Lizasok (@elizaso) grabatutako podcasta aurki ditzakezue. Podcast honetan 2013 Paris-Nizako lasterketari errepasoa egiten diote, denboraldiko lehen kinielari begira interesgarri izan dakizukeena. Hona hemen jorratu diren gaiak:

– Tropelako kiniela: zer eman dio kinielari euskaldunen multzoa ez izateak?
– Ibilbideari errepasoa.
– Hautagaiak: zein izango dira Paris-Nizaren lehian? Faborito nagusiak ez dira lasterketa honetan izango.
– Azkarrak.
– Besteak: multzo honetan euskaldunak ere aurkitzen dira. Esprinter gutxi bertan; gehienak etapa ehiztariak.

Argazkia: letour.com

Inoizko tropelik handiena: 14.073, iaz baino 1.300 gehiago!

2005ean Tropela abian jarri genuenetik lortu dugun kiniela kopururik handiena da aurtengo Tourrean. Iaz 12.739 ginen, aurten, berriz, 14.073. Marka bikaina!!

Azken 3 urteotan %10eko igoera izan dugu kinielatan. Absolutuki begiratuta, 1.000 kiniela baino gehiagoko igoera izan da urtez urte. Datu guztiak Ikusgai dituzue gure Dortsalak atalean.

Eskerrik asko Tropelan parte hartzeagatik eta zorterik onena opa dizuegu guztioi!!