19. etapa: Issoire – Le Puy en Velay

Etapa ehiztarientzat azken aukera. Hainbeste denboran Tourra prestatzen eman duen jendearentzat ere bai, eta nola ez, garaipenik ez duten taldeentzat ere bai. Larunbata eta igandeko etapak gelditzen direla esango didazue eta arrazoirik ez zaizue falta, hala ere bi garaipen horiek oso jende gutxiri mugatuta egongo direla jakina da, sailkapen nagusiko jendearentzat larunbatekoa eta esprinterrentzat igandekoa (aurten hala ere neure dudatxoak dituk esprinta egongo den edo ez esaterakoan).

Azken egunetan bezala etapa hasieran sekulako borroka izango da Issoire eta Le Puy en Velay lotzen dituen etapan. Behin ihesaldia sortutakoan etapa lasaiak direla dirudite baina aurreneko kilometroetan egunak joan, egunak etorri, sekulako batezbestekoak ateratzen dituzte, egoten den borroka itzelaren seinale.

Harritu nau orain arte Txente ihesaldietan ez ikustea. Urtero izaten du etaparen batetan bere protagonismoa eta agian hauxe izan daiteke. Izango dira hala ere etapa hau begi artean sartuta duten beste hainbat txirrindulari eta seguru horietako batzuk Flecha, Halgand, Dekker, Gilbert, A.Davis edo Commesso izango direla. Esan ditudan txirrindulari hauetatik bat aukeratzea ez da lan erraza baino argentinan jaiotako Juan Antonio Flecha kataluniarragatik egingo dut apustu.

Nahiz eta ihesaldia helmugara iritsi, zeharo talde handia ez bada, tropelean maillot berdeagatik borroka izaten jarraituko du, soberan gelditzen diren puntuak irabazi asmoz, noski, beti ere berauek ihesaldian sartzen ez baldin badira.

17. etapa: Pau – Revel

Hau da hau etapa luzea!!!! Tourreko azkeneko astean sartu gara eta 239,5km dituen etapa amaitu beharrean izango dira txirrindulariak. Uste dut etapa garaipenaren borrokak bakarrik manten dezakeela telebista aurrean dagoena loak hartu gabe. Egon ziur gaurkoan ihesaldia iritsiko dela helmugara, ez daukat zalantza handirik, eta gainera, bertan sailkapen nagusian 20-25 aurrenekoetan dagoen txirrindularirik sartzen ez baldin bada alde handiarekin gainera. Davitamon-Lotto edo beste talderen batek kontrol lana egiteko etapa luzeegia da, ezin da etapa hasieran sortu daitekeen ihesaldia hainbeste denboran kontrolpean izan. Agian Tour hasieran eta esprinterako nahia zuten talde gehiagorekin bai, baina gaurkoan ia ezinezkoa ikusten dut.

Uste dut, benetan oso txirrindularitza zalea denak bakarrik ikusiko duela gaurko etapa bere osotasunean. Gomendio bat ematen baimendua baldin banago, aprobetxatu ezazue bazkalondorena lo kuluxka egiteko eta ikus azkeneko 15km, agian nahikoa izan baitaiteke etaparen zatirik interesgarriena ikusteko, ez espero gaurkoan azken 50km-tan ezer berezirik gertatuko denik.

Ihesaldian zein sartuko denaren aurreikuspena eman beharrean nago, lan zaila beti moduan. Atzoko ihesaldian sartu izan ez balira Flecha edo Gilbert esatea pentsatuta neukan, ez zait iruditzen ordea bi egun jarraian tropelari aurrea hartuta ibiltzeko indarrik izango dutenik, hobe izango dute hurrengo bi etapetarako indarrak gordetzea. Beraz, izan dezagun euskaldunen bat bertan izango denaren itxaropena, zergatik ez, Landaluze, Garate edo Txente bezalako txirrindulariren bat. Etapa mota hau beraien ezaugarriei ondo etortzen zaien txirrindulari gehiago ere badira, Arvesen, Commesso, Posthuma eta batez ere Erik Dekker edo Laurent Brochard. Agian, azken bi hauetakoren bat Revel-go helmugan besoak igota ikusteko moduan izango gara.