19. etapa: Issoire – Le Puy en Velay

Etapa ehiztarientzat azken aukera. Hainbeste denboran Tourra prestatzen eman duen jendearentzat ere bai, eta nola ez, garaipenik ez duten taldeentzat ere bai. Larunbata eta igandeko etapak gelditzen direla esango didazue eta arrazoirik ez zaizue falta, hala ere bi garaipen horiek oso jende gutxiri mugatuta egongo direla jakina da, sailkapen nagusiko jendearentzat larunbatekoa eta esprinterrentzat igandekoa (aurten hala ere neure dudatxoak dituk esprinta egongo den edo ez esaterakoan).

Azken egunetan bezala etapa hasieran sekulako borroka izango da Issoire eta Le Puy en Velay lotzen dituen etapan. Behin ihesaldia sortutakoan etapa lasaiak direla dirudite baina aurreneko kilometroetan egunak joan, egunak etorri, sekulako batezbestekoak ateratzen dituzte, egoten den borroka itzelaren seinale.

Harritu nau orain arte Txente ihesaldietan ez ikustea. Urtero izaten du etaparen batetan bere protagonismoa eta agian hauxe izan daiteke. Izango dira hala ere etapa hau begi artean sartuta duten beste hainbat txirrindulari eta seguru horietako batzuk Flecha, Halgand, Dekker, Gilbert, A.Davis edo Commesso izango direla. Esan ditudan txirrindulari hauetatik bat aukeratzea ez da lan erraza baino argentinan jaiotako Juan Antonio Flecha kataluniarragatik egingo dut apustu.

Nahiz eta ihesaldia helmugara iritsi, zeharo talde handia ez bada, tropelean maillot berdeagatik borroka izaten jarraituko du, soberan gelditzen diren puntuak irabazi asmoz, noski, beti ere berauek ihesaldian sartzen ez baldin badira.