Amets Txurrukak Taiwan Cup 2010 irabazi du

Amets Txurrukaren garaipena Taiwanen

Berriki jokatu da Taiwan Cup 2010. Mundu mailako txirrindulari onenek 6km kriterium bat eta 210km-tako bide lasterketa bat ziren jokatzekoak, baina tifoi batek irla asiarreko planak aldatzera eraman ditu antolatzaileak. Eguraldia hobetu denean lasterketa motz baina gogorra antolatu dute Ametsek berak dioen bezala.

Hemen gehitzen dizuet Ametsek hitzetan etaparen nondik norakoak. Zorionak Amets!!

Amets Txurrukaren kronika Taiwanetik

“Badirudi tifoiak atseden hartu duela (“Taichung” inguru honetan behinik behin) eta horrenbestez guri egokitu zaigu atsedena eten eta lanean hastea! Esan bezala atzo laku inguruan bueltatxo bat eman ondoren Orbeak Taiwanen daukan ordezkariarekin ibili ginen inguruak ezagutzen. Berak ezagutarazi zigun, gaurko egunerako, antolakuntzak “Taiwan Cup”-ari alternatiba bat eman nahi ziola eta agian irla honetako mendaterik altuenera igoera antolatuko zutela. Bai antolatu ere! 700m tan atera eta 3275m arte igotzen duen mendatera igoera antolatu dute: hau mendatetzarra! “Wu-ling” mendatearen hasierako kilometroak nahiko etzanak dira baina gerora edarto gogortzen dira eta oxigenoa faltan nabaritzen den 3000m gorako altuera horretara iristeko 52km egin beharra dago! Azken kilometroak errepide estua dela eta antolatzaileek 2200m inguruan jarri dute helmuga eta bertan saritxo batzuk ere bai. Ez da hasieran pentsatuta zuten lasterketa baina egoera nolakoa izan den ikusita irtenbide gogor bezain polita. Esandako hasierako kilometrotan eraso saiakerak ugariak izan badira ere, maldan gora egin beharreko kilometro mordo horrek erabaki du gora iristeko ordena. Igoera erdi aldera Tadej Valjavec, frantziar igotzaile gazte bat eta hirurok geratu gara buruan. Hemengo Orbeako ordezkari eta nire abenturakide Xeberren animoekin aurrera jo eta Taiwan Cup-eko pankartapean lehendabizi pasatzea lortu dugu. Munduaren bestalde honetara arte etorri behar pankartape batean lehendabiziko pasatu ahal izateko? Hau da marka gero! Valjavec iritsi da bigarren eta frantziarra ondoren. Sariak jaso ondoren, puntu horretatik gorengo puntura arte zer geratzen den ikustera joan gara kotxez eta ikaragarria nolako gogorra den ditxosozko “Wu-ling” hau! Interesgarria bestalde, 3000m-tik gora nolako landaredia dagoen oraindik, dena berde berdea! Klima sub-tropikal honek paisaia ikusgarriak eskaintzen ditu mendate garai horietatik! Indarrak berreskuratzeko, berriz ere, dozena bat plater inguruko jatordu ederra egin (platerak txikitxoak dira, ez pentsa, eh!) eta turismoa egiteko prest gara! Bizikleta “Art Ticiano Lin” (Orbea Taiwaneko) gure lagunari entregatu eta bera konpondu dadila aurrerantzean! Orain bai, oporretan gaude eta eguraldiak ere errespetatzen gaituenez azkenera arte disfrutatzen saiatuko gara!

Amets Txurruka”

Argazkia: Fundacioneuskadi.com

Koldo Fernandez de Larreak Vendeeko Tourra irabazi du bigarrenez

Dagoeneko bigarren aldia da Koldok Vendeeko Tourra irabazten duena. Aurrekoa 2008an irabazi zuen. Honako adierazpenak egin zituen Koldok helmugan garaipenaren inguruan: “Bigarren aldia da lasterketa hau irabazten dudana eta pentsatzen dut Vendee Euskadiren antzekoa delako izango dela. Esprinta zaila izan da; ni Jimmy Casperren gurpilean nindoan eta Haussler eta Apolloniok aurrera egin dute, 25 metro edo aurreratu dira, harrapatu eta aurreratu ahal izan ditut”.

Koldoren atzetik Apollonio eta Hivert sailkatu dira.

Garaipen honekin Euskaltel-Euskadik 17 garaipen lortu ditu aurtengo denboraldian.

Mikel Nievek etapa garaipen itzela talde lan bikain bati esker

Mikel NieveEuskaltel-Euskadi taldeari aurtengo Espainiako Vueltak eskuetatik ihes egin zion larunbatean, baina gaur talde lan bikaina egin du talde laranjak eta Mikel Nievek etapa garaipena lortu ahal izan du.

Gorka Verdugo, Pablo Urtasun, Koldo Fernandez, Juanjo Oroz, Amets Txurruka eta Mikel Nieve geratzen zaizkio Euskaltel-Euskadi taldeari lasterketa. Esan bezala, larunbateko eroriko larri hartan Igor Anton gorriz zela galdakarra eta Egoi Martinez galdu zituen. Atzokoan Beñat Intxaustik utzi zuen lasterketa. Hiru lagun gutxiagorekin eta Vuelta eskuetatik alde egin eta gero, gaurkoan egoerei aurre egiteko gai direla erakutsi dute Euskaltel- Euskadiko txirrindulariek.

Ihesaldian Juanjo Oroz, Amets Txurruka eta Mikel Nieve bera sartu dira. Azken bi igoerak falta zirela talde laranjak Mikel Nieveren aldeko apustua egin du Juanjo Oroz aurreko tropeltxoan tiraka jarriaz. Bigarrengo igoeraren lehen kilometroak egin arte Amets Txurrukari tokatu zaio tropeltxoan aukeraketa egitea.

Tropeltxo horretan Luis Leon Sanchez txirrindulari arriskutsua zuten. Cotobelloko igoeran, ordea, Mikel Nievek igoera hasi eta gutxira erasoa jo du eta gainontzeko tropeltxoko kideak atzean utzi ditu, tartean Sanchez. Erritmoari bikain eutsi dio eta faboritoek beraien arteko lehia zutenez, ez da garaipena kenduko zion mugimendu beldurgarririk izan. Helmugan Mikel Nieve tarte handiarekin iritsi da, bigarren Frank Schleck izan baita minututik gorako tartearekin.

Gaurkoarekin 3. etapa garaipena da Euskaltel-Euskadi taldearentzat eta Vuelta honetan 5. euskal garaipena. Txalotzekoa gaur Euskaltel-Euskadik egin duen lana. Eta txalotzekoa Mikel beraren lana, gaurko etapan garaipena lortzeaz gain erorikoa izan aurretik Igor Antoni laguntzeko lanetan bikain aritu baita. Zorionak Mikel!!

Eta beste garaipen bat!

Igor Anton berriro ere liderAurtengo Vueltan Igor Antonek bigarrenez etapa garaipena eta lidergoa eskuratzea lortu du. Ikaragarria izan da gaur lortu duena! Eta gaurkoarekin 4. euskal garaipena 11 etapatan. Sekulako marka euskal txirrindularitzari dagokionez alajaina!

Garaipena ikusita atzo helmugan Igor elkarrizketatu zutenean kazetariari esandako gogoratu du. Atzo helmugaratutakoan Puritori egindako txantxa aipatzen zion kazetariari: “Helmuga pasa ostean Puritori tarteko helmugako gain saria eman ez diotela esan nion eta zurbil geratu zait. Berehala esan diot, ordea, brometan ari nintzela”. Kataluniarrak ikaragarrizko grina erakutsi du aurreko egunetan maillot gorria lortzeko atzoko gain sarien lehian sartzea kasu. Baina gaurkoan lehertu egin da. Seguru atzo Igor Antonek eginiko txantxaz oroituko zela gaurko Andorrako maldetan gora geratu denean ezinak jota.

Igorrek bikain dosifikatu du gaurko igoera eta sari bikaina eskuratu. Nibaliri 45 segundoko errenta ateratzen dio eta Tondori 1’04”koa. Ez da gehiegi, baina errenta polita bai. Ikusi beharko dugu bihartik aurrera ia Euskaltel-Euskadi lasterketako liderraren maillota eramatearen erantzukizunari  nola erantzuten dion.

Gorka Izagirreren garaipena Ordiziako Klasikoan

Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak garaipen bikaina lortu zuen igandean jokatu zen Ordiziako Klasikoan. Donostiako Klasikoaren bezperatan garen honetan, talde laranjak zerbait egin dezakeenaren aurrerapen gisara sentitua izan daiteke.

Ormaiztegiarra era honetako lasterketatara ondo moldatzen den txirrindularia dela erakutsi digu. Luxenburgoko itzulian ere etapa bat irabazi zuen aurtengo edizioan. Iaz igo zen profesionaletara eta Goierriko txirrindulariak pozen bat edo beste emateko moduan izan daitekeela uste dut.

Zorionak Gorka!!