Iparraldeko Kanpainiaren fase erabakiorra: 1. astea

Flandeseko klasikoen garaia puntu gorenean sartua da jada. Datozen bi asteotan txirrindularitzak bizi dituen festa egun handienetako bi bizitzeko aukera izango dugu: Flandeseko Tourra eta Paris-Roubaix. Harbide gainean egiten diren lasterketak gogoko dituztenek galtzerik ez dituzten zitak.

Koppenberg igotzen 2006anHori bai, Iparraldeko Kanpainiako fase erabakior honetako aurreneko astea hiru egunetako lasterketa batekin hasiko da gaur, La Panne-go hiru egunekin hain zuzen. Formatua urtero berdintsua izan ohi da. Aurreneko bi etapetan igandean De Ronde handian igaro beharko dituzten hainbat aldapa edo berg igoko dituzte. Gaurko etapa gogorxeagoa da eta biharkoa luzexeagoa. Bi egunotan sailkapena lehiatuko dutenen zerrenda definitu beharko litzateke, osteguneko erlojupekoan (goizean beste sektore bat izango bada ere) dena erabakiko delarik.

Gauzak horrela, ibilbidea zein den kontuan hartuz, lasterketa garrantzitsu hau irabazteko hautagai nagusia Devolder da zalantzarik gabe. Martxoan zehar jokatu diren iparraldeko klasikoetan gorputzaldi bikaina erakutsi du, eta bere protagonismo kuota La Panne-n eduki lezake. Flandestarrak orain hiru urte eman zuen bere izena aditzera proba hau poltsikoratzean hain zuzen. Bere atzetik, lasterketa hau irabaztea ere badakiten Hoste eta Hincapie aipatuko nituzke, Gusev eta Maaskant-ekin batera. Bistan da erlojuaren aurkako saioak berebiziko garrantzia izango duela. Iaz Ballan izan zen garaile, aurreneko egunean Paolini-rekin batera lasterketa bi txirrindulariren arteko kontu batean uztean.

Baina asteko egun handiak flandestarren urteko egunik handienarekin egingo du bat, Ronde Van Vlaanderen edo Flandesko Tourrarekin, alegia. 264 kilometro eta betiko osagaiak: bide bazterrak lehoi beltzez josiak, txirrindularitza epikoaren esentzia, eta nola ez, muino gogorrak, horietako zenbait harbide guneekin. Gainera, ikusleon gozamenerako, aurten Koppenberg beldurgarria igo beharko dute berriz ere, iaz ibilbidetik at geratu ostean. Continue reading “Iparraldeko Kanpainiaren fase erabakiorra: 1. astea”