Erorketa ikusgarriak Greipeli garaipena erraztu dio

Liège-Bastogne-Liège klasiko ezaguna izaten den parajeetan ibili da gaur tropela, baina ez da espero zen ikuskizuna izan. Eguraldiak protagonismo handia hartu du eta ikuskizuna bestelakoa izan da. Helmugarako kilometro t’erdira izan den eroriko itzelak eman du. Biribilgune bat igarotzen ari zirela, tropelaren aurre aldean zihoanetako txirrindulari bat erori egin da eta atzetik zituen guztiak lurrera bidali ditu. Aurrekoak, Greipel tartean, ez du zailtasun gehiegirik izan Weylandti esprintean irabazteko.

TVEk gaurko etapatik espero zuena ez du jaso. Guk ere ez, noski. Hauen ustetan gaurko etapan ikuskizuna bermatua zegoen eta horren erakusgarri eguerdiko 13:30etatik Teledeporteko seinaletik etaparen jarraipena egiten hasi dira. Zorionez lana nuen eta ez naiz jarri arratsaldeko 16:30ak arte lasterketa ikusten, eta eskerrak! Klasikorik onenen pareko etapa espero zen, baina esprintean amaitu den horietako bat izan da, atzokoaren antzekoa euriagatik izan ez balitz.

Boom eta Roels (gaur ere bai), Ramirez Abeja eta Lagutinek osatu dute gaurko ihesaldia. Boomek helburu garbia zuen, hiru mendateetatik lehen postuan igaro eta mendiko maillota eskuratzea eta bere helburua lortu du. Tropelak, une oro, lasterketa kontrolpean. Hori bai, euria ari zuen eta arriskua aurre ikusten zen.

Liègeko helmugatik lehen aldiz bezain laster ihesaldian ziren kide guztiak harrapatu dituzte eta esprintean pentsatzen hasiak ziren txirrindulariak. Hala ere Kirchen edo Gasparotto bezalako txirrindulariak saiatu dira lasterketa puskatzen, baina ez dute posible izan.

Esan bezala gaurko etapa erabaki duen unea helmugatik kilometro t’erdira izan den erorikoak markatu du. Ikaragarria izan da erorikoa eta 50 txirrindulari inguru lurrean ziren beren zauriei begira. Aurre aldean, Columbia-HTCko eta Quick Stepeko hiruna txirrindularik helmugara bidea hartu dute, eta erraztasun handiz, Greipelek garaipena lortu du. Atzetik Weylandt eta Grabsch taldekidea izan ditu. Honenbestez, eta nahiz eta Cavendish ez den Vuelta lehiatzen ari, bigarren garaipena lortu du Columbia-HTCek eta biak esprintean.

3 kilometro barruan izan da eroriko ikusgarria eta horregatik Cancellarak lidergoari eusten jarraitzen du. Hala ere ezin esan zorteko dabilenik, erorikoan min hartu duela ikusi baitugu. Biharkoa atseden eguna dela kontutan izanda, zauritutako txirrindulariek beren egoera aztertuko dute eta etzi Tarragonako irteeran izaten saiatuko dira, baina ez harritu norbait erretiratzen bada min hartuta. Hori da adibidez Horner-en kasua. Dagoeneko taldeak jakitera eman du Horner-ek Vuelta utziko duela erorikoan eskumuturra autsi baitu.