Lehena!

Igor Anton Morredero gainean irabazleAzkenean iritsi da euskaldunon lehen garaipena. Gaztela eta Leongo Itzuliko 3. etapa, etapa erregina zegoen jokoan eta bertan, Morredero gailurrera egin duten azken igoeran Igor Anton (Euskaltel-Euskadi) izan da indartsuena. Lehia bizia izan du gaurko beste hiru igotzaile indartsuenekin (Alberto Contador, Ezequiel Mosquera eta Mauricio Soler) baina azkenean Igorrek tartea egitea lortu du eta lehen postuan bakar bakarrik helmugaratzea lortu du hirukoteari 13 segundoko aldea atereaz. Horretaz gain Itzuliko lidergoa ere bereganatu du. Zorionak Igor!

Bihar lanak izango ditu Igorrek lidergoari eusteko 15 km-ko erlojupeko labur bat izango baitute txirrindulariek. Bertan, iazko Frantziako Tourreko garaileak, Alberto Contadorrek, aukera paregabea izango du talde laranjako txirrindulariari nahiz sailkapenean bere denbora berdinean daudenei aldeak ateratzeko. Ikusiko dugu zer gertatzen den. Zorterik onena opa diogu bihar Igorri.

Euskaltel-Euskadi taldeari kostatu zaio aurtengo lehen garaipena lortzea. Baina Euskal Herriko Itzulian Arraten Samuelek lortutako garaipenaren ondoren igandean Zornotzako Sari Nagusia irabazi zuen eta orain Igorrek hirugarren garaipena eman dio etxeko taldeari.

Argazkia: Pedro Martínez

Ardenetako Hirukotea: berezitasunak

Euskal Herriko Itzuliarekin euskal errepideetan txirrindularitzarik onenaz gozatu ondoren eta Flandesko Tourra eta Paris-Roubaix pasa direnean, gainean ditugu Ardenetako Klasikoak: Amstel Gold Race, Fleche Wallonne eta Lieja-Bastogne-Lieja. Eta aurten lehen aldiz Tropelako lehiaketa izango da klasiko hauekin. Denboraldiko hirugarren lehiaketa hau nahiko berezia da, parte hartzaile bakoitzak bere ziklista-talde bakarrarekin jardungo baitu 3 probetan. Horrek zer esan nahi du? Txirrindulari batek zenbat probetan parte hartuko duen jakitea informazio oso garrantzitsua dela.

Amstel Gold Race 2009. Irteeran.

Gainera, orain arteko probetan lasterketa hasi baino egun batzuk lehenago, txirrindulariak koloreztatuz ziklista bat parte hartzekoa zen (berdez) ala ez (gorriz) adierazten genizuen. Oraingoan, gerta daiteke ziklista bakoitzak hiru lasterketatan, bitan, bakarrean parte hartzea ala bakar batean ere ez parte hartzea. Ondorioz, koloreztatze sistemak balio ez digunez, txirrindulariak ez dira kolorez markatuko eta tropeleko kide bakoitzaren esku uzten dugu informazio hori lortzeko lana. Informazio gehiago webgune hauetan topatu dezakezue:

http://www.cyclingstartlists.com

http://www.biciciclismo.com

Puntuazioari dagokionez ere proba berezia izango da eta Tropelako arauetan nahiko garbi adierazten den bezala klasiko bakoitzaren amaieran honako puntuazioa banatuko da: “Ardenetako Hirukotea: berezitasunak” irakurtzen jarraitu

Beti gazte

Chris Horner38 urterekin erdietsi du Chris Hornerrek bere kirol ibilbideko garaipenik garrantzitsuena: Euskal Herriko Itzulia. Duela urte batzuk esan ohi zen 32-33 urterekin hasten zela txirrindularien gainbehera. Adin horretan nekez jarrai zezakeela txirrindulari batek, salbuespenak salbuespen, lasterketaren burua. Zenbait txirrindulariren emaitzek baieztapen hori ezeztatu dute azken aldian. Chris Hornerrek orain lortu du egunkari, irrati, telebista eta webgune askotan azaltzea Euskal Herriko errepideetan eginiko balentriagatik. Duela hiru urte, 2007an, Tourrean txukun aritu zen: 15. postuan sailkatu zen Alberto Contadorrek irabazitako lehen Tourrean; 35 urte zituen ordurako.

Hornerren adin bera du bere nagusiak, Lance Armstrongek. Ondo bidean, Hornerrek Armstrongi lagunduko dio Tourrean. Baita Levi Leipheimerrek ere. 36 urte ditu Leipheimerrek. Hure ere, 30 urteak ondo beteak dituela, sasoi betean dagoela erakusten ari da. Duela bi urte Espainiako Vueltan bigarren bukatu zuen… Alberto Contador taldekidearen atzetik, eta espainiarraren mesedetan jardun ostean.

Eta zer esan Stefano Garzelliri edo Jens Voigti buruz? Italiarrak, Leipheimerrek bezala, 36 urte ditu eta duela aste gutxi Tirreno-Adriatico lasterketa irabazi zuen. Eta joan den urtean, Giroan bertan, harrigarri aritu zen; ia-ia onenen pare egon zen eta erlojupeko handia irabaztetik ez zen oso aparte ibili. Voigt alemaniarrak -38 urte-, urteak joan urteak etorri, garaipenen zakua betetzen jarraitzen du.30 urteren bueltan dabiltzanek badute beren burua non begiratu, zalantzarik gabe. Ez dute erretiroan zertan pentsatu.

Argazkia: www.cyclingnews.com

Txirrindularitza esker onekoa ez denean…

Sentsazio gazia daukat, Ametsengatik pena sentsazioa, alegia. Txirrindularitza ez da batere justua izaten ari Etxebarriako mutil ausart honekin, izan ere, gutxi izango baitira Ametsek bezainbeste garaipen bat merezi dutenak. Urteak dira lanean zintzo ari dela, behin eta berriro zutoina joaz, ausardia erakustaldi handiekin, taldegizon lan ilun baina garrantzitsuarekin, eta parte hartzen duen lasterketa gehienetako animatzaile nagusia izaten.

Aurtengo Euskal Herriko edizioa bere lasterketa izaten ari zen. Itzuli hau ikusi dudan Ametsik onena nabarmentzen ari zen, Tourreko konbatibitatea irabazi zuena baino hobea oraindik. Ihesaldietan ematen zuen indar sentsazioak, Arrateko maldetan emandako kasta erakustaldiak, nahiz eta jakin faboritoek irentsi egingo zutela, eta antzerako ñabardurak ez dira zale eta lagunentzat alperrikakoak balira bezala ondotik pasatzen.

Gogoratzen dut bere afizionatu garaian era zortea ez zuela oso lagun. Olarran ari zenean auto batek aurretik eramanda femurra hautsi zion eta haustura hartatik errekuperatzea asko kostatu zitzaion. Entrenatu eta entrenatu, baina ibili ez. Txirrindularitza utzi eta ikasketetan buru-belarri sartzea ere pasatu zitzaion burutik (garai hartan biak zeramatzan paraleloan). Baina ez zuen amore eman, eta Debabarrena taldeak emandako aukera esker eta Italian pasatako garai hari esker profesionaltasunerako atea irekitzea lortu zuen. Urtebete behar izan zuen Madariagak konturatzeko Ametsek zerbait zeukala. Beste urtebete Ametsek, Tourrera joan eta lasterketa bikain batekin Euskaltel lehen aldiz Pariseko podiumean sartzeko.

Esan bezala, makina bat jaurtiketa bota ditu zutoinera, eta hainbat eroriko mingarri, bai planu fisikoan hala psikologikoan. Gogoratzen dut Euskaltelen debutatu zuen urtean Romandiako Tourrean lurrera joan zela ihes eginda zihoala, etapa euritsu batean. Euskal Bizikletan ere mokorra mindu zuen eroriko latz batekin, gorputzaldi apartean zegoenean. Iazko Tourrean ere Parisera iristeko egun bi falta zirela lurra dastatu zuen berriro. Baina hor darrai, gutxi bezala gerra ematen.

Uste dut afizionatu guztiek baloratzen dutela txirrindulari honek lasterketan duen jarrera. Beti dena ematen du, hanketatik bururarteko profesionala dela erakutsiz. Baina horrez gain esker oneko mutila da, atsegina, irrifartsua eta gertua. Atzo ez zen atera, lepauztaia hautsita Aiako aldapan behera. Berriro ere zorteak bizkarra eman dio.

Guzti hau dela eta, txirrindularitzak Ametsi garaipen handi bat zor diola uste dut. Espero dezagun aurten errepide frantziarretan etortzea.