5. etapa: Gasteiz – Zalla

Aditua EH ItzuliaAri da Euskal Herriko Itzuliaren amaiera iristen eta oraindik ez dago batere argi zein izango diren podiumean izango diren txirrindulariak. Denbora tarte oso txikiak dira aurrenekoen artean eta behin honez gero larunbateko erlojupekora arte bere horretan jarraituko dutela uste dut.

5. etapak amaiera bihurri samarra izan arren ez zait iruditzen sailkapen nagusiko aurrenekoen artean diferentziak sortzeko adinakoa izango denik. Ziurrenik, izango dira oilarren arteko erasoak baina etapa honetan baino zailtasun handiagoek denbora tarterik lortu ez badute harritzekoa izango litzateke Avellaneda edo Beci bezalako mendatetxoetan hori lortzea.

Sailkapen nagusirako aukerarik ez duten txirrindulari batzuek osatutako ihesaldi batek bere helburua lortzeko agian etaparik aproposena dugu hau, hala ere, litekeena da azken kilometroetan, Freireren Rabobank edo Valverderen taldekideek esprinta ziurtatzeko ahaleginak egitea eta dakizuen bezala, tropelean esprintean iristeko aukera hartzen bada, ibilbidearen zailtasunak oztopatzen ez badu behintzat bere helburua lortzen duela.

Kuriositate gisa, adi egon etapako azken kilometroei, bereziki Avellaneda eta Beci mendateei, larunbateko erlojupekoan izango duten ibilbidea errepikatuko baitute.