Julian Gorospe

Julian Gorosperen zalea izan naiz beti. Ez dakit zergatik; akaso, nire lagun minek bazutelako bakoitzak bere ziklista: Pello Ruiz Cabestany zen batena, eta Marino Lejarreta bestearena. Nik ere behar nuen bat, nirea bakarrik izango zena. Julian Gorospe planta onekoa zen, kontrarrelojista bikaina, eta hiru-lau egunetako karreretan oso ondo moldatzen zena.

Julian Gorospe euskalduna zen (euskaraz jakin eta hitz egiten zuena, alegia); hori ezinbestekoa zen gure artean, euskaldunak inor baino hobeak baikara, eta gainera, euskarak karrerak irabazten laguntzen baitu.

GorospeAitonaren irakatsiak ziren horiek: arrazoia erabili beharrean bihotzarekin hitz egiten zuen, eta eman nahi zuen mezua mila liburuk baino hobeto transmititzen zuen. Txikia nintzela, karrera batean hiru lagunek tropeletik ihes egin zutela kontatu zidan aitonak; horietatik bi euskaldunak ziren, bata Julian Gorospe, eta bestea Jokin Mujika. Helmugara iritsi aurretik, Jokinek “jo ezak orain, Julian” esan omen zion Gorosperi, hirugarrenak ulertu ez, eta Julian Gorospek irabazi omen zuen etapa. Izan ere, euskaldunek elkarri laguntzen zioten ekipo berekoak ez baziren ere.

Gerora jakin nuen, aitona ez zela bihotzarekin hitz egiten zuen bakarra: kazetariek ere, antzeko bideak erabiltzen baitzituzten mitoak sortzeko. Julian Gorospek bigarren aldiz Euskadiko Itzulia irabazi zuenean, Ibardinen bukatu zen etapan erasoa jota lortu zuen aldeari eskerrak izan zen; Indurainek, erasoa jo aurretik haren ondoan zegoenak, hitz hauek esan omen zizkion: “ya es hora de que trabaje para tí” (Gorospe, Indurainen gregario aritzen baitzen garai hartan).

Eta, Julian Gorospek Tour-eko etapa hura irabazi zuenean, beste horrenbeste gertatu zen: mendi etapa bat zen, baina etapa gogorren ostean izaten diren horietakoa. Mendi mordoska bai, baina bukaera ordekan. Biharamunean kontrarreloja zuten. Julian Gorospek mendian gora alde egin zuen, eta makina bat kilometro egin zituen bakarrik; tropelari pare bat minutu atera zizkion. Zergatik ez zituen indarrak hurrengo egunerako gorde, kontrarrelojean ona izanik? Echavarri entrenatzaileak, etapa hasi aurretik esandako hitzengatik: “Tu contrarreloj es hoy, no mañana”.

Julian Gorospe erretiratzearekin batera utzi nion neronek ere ziklismoa segitzeari; bihotzari, arrazoia gailendu zitzaion unean. Julian Gorospe ez zela onena, euskaldunak elkarri ez ziotela laguntzen, eta euskara ez zela karrerak irabazteko tresna konturatu nintzenean.