Zakarinen Giroa

Zakarinen Giroa izan behar zuen 2015koak. Hala zirudien behintzat Romandiako Itzulian emandako erakustaldiaren ondotik. Aurtengo Tourrerako 3 hautagai nagusien gainetik nor eta, errusiar gaztea. Eta nola gainera! Bere erlojupeko doaiez gain (zerbaitegatik da espezialitate honetako errusiar txapelduna) itzuliko etapa menditsu nagusienean ere Froome, Quintana, Nibali eta gainontzekoen aurretik izan zen.

Tropela-ko %73,6ak dugu gure kinielatan, ez da gutxi! Ba 5 etapa pasa dira soilik, eta Zakarin sailkapenean 61. postuan dago, 25 minututik gorako atzerapenarekin Contador liderrarekiko. 2 astetan joan zaizkio indarrak, eta 5 egunean podiumean sartzeko zituen aukera guztiak. Ez sinistekoa? Beharbada Romandiakoa izango da ez sinistekoa, eta denborak emango digu galdera honen erantzuna.

Hasi da bai Italiako lasterketa arrosa. Xarma berezia duen lasterketa. Nire gusturako, Frantziako Tourra baina politagoa. Beharbada urteko lehen handia delako, beharbada urte sasoi honetan egiten delako, beharbada italiarren nortasunagatik… Edonola, hasi da lasterketa hasi eta nola gainera! 5 etapa zoragarri ikusteko parada izan dugu, eta horren adibide 4 lider ezberdin izan direla iada!

Hori bai, badirudi lasterketako 3 txirrindulari onenak iada oso definituta ditugu. Contador, Aru eta Porte, sailkapeneko hiru lehenak hurrenez hurren. Azken bi etapetan gainontzekoen gainetik izan direnak, eta sailkapenean iada denbora koska bat ateratzen dietenak.

Lasterketa hasiera ederra izan da bai, baina irudipena daukat 3 txirrindulari hauek izango direla behin eta berriz etapen eta sailkapen nagusiaren lehian izango direnak. Azken 2-3 urteetan Espainiako Itzulian gertatu den modura, alegia. Eta nire gusturako behintzat, honela Giroak erakargarritasuna gal dezake. Hemendik 10 egunera izango den erlojupekoak lasterketaren norakoa aldatu dezake, 3 hauen artean egon daitezkeen denbora tarteen harira, eta handik aurreragoko estrategien baitan. Bitartean…

Beste txirrindulariren bat ikusten al duzue Zakarinen Giroan 3 oilarrei mokoka egiteko gai? Edo 3 asteak luzetxoak egingo ote zaizkigu?

 

Argazkiak: ladepeche.fr, sbs.com.au