Eta orain zer?

1404929016_extras_noticia_foton_7_1

Astebete baino gutxiago igaro da Tourra Yorkshiren hasi zenetik. Gauza asko gertatu dira, eta hoberena: kilometro asko falta dira Parisera iristeko eta edozer gertatu daiteke! Ingalaterra, Kittel, Nibali eta harbideek izan dute protagonismoa egun hauetan. Horiek izango lirateke handienetan handiena den hiru asteko itzulian – mediatikoki – txanponaren aurpegi gozoa, baina txanponaren alde ilunak zeintzuk izan dira?

Froome eta Purito sartuko nituzke multzo horretan. Bata etxera joan da. Bestea lasterketan dago baina ez dago lehiatzeko mailan. Giroan lehen astean eroriko baten ondorioz etxera joan behar izan zen eta denboraldiko plangintza aldatu. Tourrera Vuelta prestatzeko joan omen da. Ondo egin du? Positiboa izango da?

Eta planak ere aldatuko zaizkio Froome-ri. Tourra zeukan begiz jota. Bat dortsala soinean. Posizio onean Parisen gorengo mailara igotzeko podiumean, baina erorikoek garaitu dute. “Eta orain zer?” galdetzen dute askok. Kontuan izanda taldeko beste lider handia, Wiggins, Tourrera ez dela joan – talde barruko ekaitza posible bat ekiditeko beharbada – , nola jokatuko dute Skyko buruek Vueltako bederatzikoa egiterakoan? Tourrean bezala liderretako bat etxean utziz?

Guztia abiatu ostean erraza da aipatzea Wiggins egon beharko litzatekeela gaur Frantzian, edo Rodriguez-ek hobe zuela etxean gelditu eta Vuelta prestatu bere lurretan. Horrela taldekide bati aukera eman ahal izango zion txirrindularitzako erakusleiho handienean parte hartzeko.

Baina historian bidaiatuz gero ikusi izan da itzuli handi batean helburuak betetzen ez badira eta denboraldiko plangintza guztia gauetik egunera aldatzen bada, emaitza onak lortzea zail izaten dela. Adibiderik garbiena 1996ko urtean ikus dezakegu: Miguel Indurain. Bere bost garaipenak lortu ostean Frantziako Tourrean Riis eta konpainiaren aurrean men egin zuen. Vueltan parte hartu zuen derrigortuta baina itzuliaren erdian hanka lurrera bota zuen. Zorionez denboraldia salbatu ahal izan zuen Joko Olinpikoetan urrezko domina lortuz erlojuz kontrako proban.

Aipatu bezala: ez dakigu zeintzuk parte hartuko duten 2014ko Espainiako Vueltan. Beraz ordurarte jarrai dezagun disfrutatzen txirrindularitzaz! Bi aste baino gehiago Frantziako Tourrarekin, eta nola ez, Giro Rosaren azkeneko etapekin (azken itzuli honek zorionez badauka eta bere txokoa Tropelan).

Argazkia: AFP

 

Published by Piban

Ume garaian uztail arratsalde beroetan harrapatu ninduen txirrindularitzak Indurainen balentriak jarraitzen Frantziako Tourrean... eta harrezkero txirrindulari zalea.