Euskaltelek, Samuel Sanchez buru duela, Formula 1 helburu [inozentada]

Euskaltel autoaDerioko enpresak marketin arloan aldaketa sakon baten beharra azaldu zuten eta berriki jakin dugu estrategia zertan izango den. Talde laranjak gurpil gainean jarraitzea du helburu, baina bi gurpiletatik lau gurpiletara jauzi egiteko asmo sendoa erakutsi dute.

Dakizuen moduan finantziazio arazoak tarteko txirrindulari taldea kudeatzen zuen enpresak ateak itxi ditu baina Derioko arduradunek, langileei ahalik eta irtenbiderik onena emateko asmotan, enpresari eustea erabaki dute izen aldaketa bat gauzatuta: Basque Pro F1 Team. Horixe, Formula 1ean aritzeko helburua izango lukeen enpresa berria izango litzateke.

Badirudi Euskaltelen ia jabegoaren erdia duten Trilantic eta Investindustrial inbertsio fondoek erabakian zerikusi handia izan dutela. Izan ere hauek iaz desagertu zen Epsilon Euskadi proiektua berreskuratzeko dirua inbertitzeko aukera ikusi dute. Errentagarritasunik altuena atera asmoz, Euskaltel Epsilon Euskadi izenez ezagutuko dugun taldea osatzeko lanetan ari direla jakin dugu. “Ikusita Fernando Alonsok txirrindulari talde berria sortzeko asmoak zer nolako hedapen mediatikoa izan duen, seguru gaude gu F1erako proiektu honekin horrenbesteko oihartzuna lortzeko gai izango garela” dio arduradunetako batek. Hala izango balitz, marketin mugimendu bikaina izango litzateke.

Proiektuaren xehetasunak

Arduradunek behin eta berriz azpimarratu dute proiektu berri honekin bide batez egun beste talderen batean aritzeko aukerarik gabe geratu diren txirrindulari eta mekanikariei irtenbidea bilatzea dela. Horretarako beharrezko formazioa jasotzen ari dira taldean arituko direnak. Horietako ezagunena Samuel Sanchez bera da, izan ere, abiadura handiagoetara ohitu beharrean aurkituko da. “Gu seguru gaude Samu bikain moldatuko dela prestatzen ari garen auto berrira; ez ahaztu Samu bizikleta gainean tropeleko azkarrena dela maldan behera!” dio arduradunetako batek. “Zailagoa ikusten dugu mekanikarien moldaketa, baina horretan ari gara buru-belarri”.

Monster Drink autoaIzango duten autoaren berririk ez dago oraindik, baina garbi dutena da 2015ean F1ean izatea dela helburu. Horretarako beste babesle batzuekin akordioetara iritsi dira. “Proiektu hau ez da diru publikoan oinarritua izango; akats hori behin egin dugu eta ez dugu errepikatuko. Dagoeneko aurrekontuaren %80a adostua dugu enpresa ezberdinekin eta urtea amaitzerako %100a izateko bidean gara”. Babesleen artean operadore birtualak dira nagusi: Eroski Movil, Yoigo, Simyo, Happy Movil,… Baina horietaz gain babeslerik garrantzitsuena Monster Energy edari energetiko amerikarra izango da. Izan ere babesle izateaz gain motor munduan duen ezagutza Euskal Herrira ekartzeko prest agertu da konpainia. Akordio garrantzitsua, beraz, Euskaltelek Monster Energyrekin lortu duena.

Taldearen eta kotxearen aurkezpena urtarrilaren 6an izango da. Orduan izango ditugu proiektu berri honen inguruko xehetasun gehiago.

 

Eguneraketak: inozentada

Atzo inozentaden eguna izan zen eta nik ere nirea egin nahi izan nuen berri honekin. Inork gutxik sinistu zuelakoan nago eta espero dut barretxoren bat edo beste sortaraziko zizuela.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.