Nire sosak, Contadorren alde

Ulertzen dut Iosu adiskidearen atsekabea. Denboraldiak orain artean izan duen traza ikusita, logikoa da pentsatzea Froomek hankapean ibiliko dituela guztiak Tourrean eta zaleok aspertuko garela. Baina hori ez da Tourraren atarian izan daitekeen pentsamolde bakarra. Ezin da ukatu keniarra izan dela jaun eta jabe denboraldiko proba garrantzitsuenetan, baina ezin da ahaztu, era berean, duela bederatzi urte Iban Mayok denak nahierara menderatu zituela Dauphinen –gogoratzen Iosu?- eta Tourrean pott egin zuela. Sekulako erakustaldia eman zuen igorreztarrak Mont Ventouxen gora, erlojupekoan. Armstrong bera, tokitan. Tourra iritsi zenean, ordea, presioak edo dena delakoak gain hartu zion Mayori eta Armstrong, aldiz, horiz jantzita Parisen.

Nire ustez, Froomek oinarri sendoak jarri ditu Tourra irabazteko. Hala ere, nik sosak Contadorren alde jarriko nituzke. Ez ahaztu espainiarrak hiru asteko lau lasterketa irabazi dituela –bi aldiz Tourra eta Giro aeta Vuelta bana, kontatu gabe noski zigorragatik kendutakoak- eta beraz, bera da sasoi honetako onena edo erregularrena itzuli luzeetan, iaioa da.
Bestalde, Egoitzek, Iosuk idatzitakoaren harira, gogora ekarri du iruzkin batean Contadorrek oporretatik bueltan ia-ia irabazi zuela karreraren bat -2008ko Giroaz ari dela iruditzen zait-. Bai, bitxia da bat batean txirrindulari bat toalla eta motxila etxean utzi, bizikleta hartu eta Giroa irabaztea. Baina ez dezagun ahaztu Danimarkako futbol selekzioak ere antzeko egoera bizi izan zuela 1992ko Eurokopan; ez zen sailkatu, baina Balkanetako gerra zela-eta parte hartu behar izan zuen Jugoslaviako selekzioaren tokian, eta hara! Parte hartu bakarrik ez, txapelketa irabazi zuten. Garaipen hura zoragarritzat jo zuten denek –nik dakidanez- eta inork ez zuen susmopean jarri. Honekin zera esan nahi dut: txirrindulariok gure burua behar baino gehiago ez dugula zigortu behar. Irabazleak, kasu hartan Contadorrek, ez zuen positiboa eman eta kitto.

Horrekin guztiarekin batera, ezin dugu albo batera utzi zer lasterketaz hitz egiten ari garen. Tourra Tourra da, eta beste inongo lasterketatan baino eragin handiagoa izaten du eguraldiak, lehen asteko erritmoak erorikoak eragiten ditu, ezustekoak izaten dira ia txoko guztietan…

Froome faborito? Oraingoz hautagaietako bat, besterik ez