Wild-en erakustaldia, denboraldia hasteko

Qatar-ko haize eta hondar artean ekin zion emakumezkoen tropel gaztetuak 2013ko errepide denboraldiari. Eta hori bera dugu, akaso, lehen albistea: egutegia normaltasunez, ezustekorik gabe hasi izana. Izan ere, lasterketa gehienek azken asteotan baieztatu dute aurtengo ekitaldia, eta ez dira gutxi oraindik zalantzan direnak, edota data zehaztu gabe dutenak (gure Emakumeen Bira horren lekuko).

Izan ere Olinpiar Jokoen osteko denboraldian gaude (emakumezkoen egutegiarentzat zailena), testuinguru ekonomikoak ez du batere languntzen eta egoera honetan, lehiatzen den lasterketa bakoitza gozatu eta ospatzea dagokigu zaleoi.

Norbaitek denboraldi hasierei eta, batez ere, Qatar-ko Tour-ari neurria hartua badie, hori Kirsten Wild herbeeretarra da. Aurten bostgarren urtez antolatu dute lasterketa eta hoietatik hirutan suertatu da bera garaile, 6 etapa garaipen metatuaz orotara (aurten 3).

Wild-ek, tropeleko beste zenbait txirrindularik bezala, pista eta errepidea konbinatzen ditu. Negu partean pistan lehiatzeak, Qatar-a gorputzaldi onarekin heltzea bermatzen dio. Aurten adibidez, hiru aste barru lehiatuko diren Minsk-eko pistako Munduko Txapelketak ditu jomugan.

Gorputzaldiaz gain, ibilbidea ere primeran doakie bere ezaugarriei. Haizetan inor ez bezala moldatzen da, eraso oro lotzeko gai da bere zilindrada handiko motorraz eta ondoren, errematatzeko adinako bizkortasuna erakutsi du azken zuzengunean. Hau da Qatar-en gailentzeko errezeta.

Wild, AA Drink – Leontien taldea desagertzearekin umezurtz gelditu ziren kalitatzeko txirrindulari hoietakoa da. Eta Argos-Shimano taldean egin diote tokia aurtengorako, bertan, Degenkolb eta Kittel-ekin sprinter “tridente” prestua osatuz. Momentuz, Wild gizonezkoei aurre hartuta da.

Wild eta Argos Shimano-k utzitako apurrak, Chloe Hosking (Hitec) australiarra (lehen etapako garailea) eta Orica-AIS zein Specialized-Lulumon talde indartsuen artean banatu dituzte.

Azkenik esan, lasterketa bezala, Qatar-ko Tour-aren aurtengo edizioa, sorpresa atsegin bat izan dela, post honen haseran aurkeztutako testuinguru hitsean. Lasterketa bera ikusgarria suertatu delako (estrategia erasokorrak nagusi) baino, batez ere, oso ondo plazaratu delako: Al Jazeera-k oso estaldura txukuna eman dio, kalitatezko streaming irekiarekin, goi-mailako webgunea (ASOren eskutik) eta emakumezkoen lasterketetan ohituta ez gauden jarraipena eta informazio maila.

Zaila izango den urte honek indarrez betetako hasiera izan du Qatar-en. Ez zaio batere gaizki etorriko zalantzak nagusi dituen emakumezkoen tropelari.