Diaz, Diniz eta ‘loco’ Guevara

Brasil eta Argentina. Argentina eta Brasil. Messi eta Neymar. Futbola da nagusi Hego Amerikako bi herrialdeotan, nahiz eta noiz edo noiz, beste kirolen batek poza ematen dien herritarrei –argentinarrei saskibaloiak, adibidez-. Edonola ere, ziklistarik ere bada nola Brasilen hala Argentinan, eta baita zaleak ere. Edozein oilarri gandorra erakusteko adorea dutela erakutsi berri dute Argentinako eta Brasilgo txirrindulari batzuek Argentinako errepideetan jokatu den San Luiseko Tourrean. Zuekin guztiokin, Diaz, Guevara (ondoko argazkian) eta Diniz.

Dani Diazek irabazi du itzulia. 23 urte besterik ez ditu Todos Somos San Luis taldeko karreristak. Eta ezin esan guztiz ezezaguna denik; gaztetan Euskal Herriko Cafes Baquen aritu baitzen. Geoxera salto eman zuen gero, baina talde hura desagertu eta sorterrira itzuli zen.

Diazen herrikide eta taldekide batek itzuliko etapa garrantzitsuenetako bat irabazi zuen: Guevara, loco goitizenez ezaguna. Ez alferrik, joan den urteko San Luiseko Tourretik kanporatu zuten antolatzaileek beste ziklista batzuekin liskarra izan eta gero etapa baten ostean… Azkenik, 27 urte ditu Dinizek (Funvic taldea), itzuliaren lehen mendiko etapa irabazi eta sailkapen nagusiko hirugarren postuan bukatu zuen brasildarrak, baina esan daiteke lehen urratsak ematen ari dela txirrindularitza munduan, bi urteko zigorra betetakoa baita (2009tik 2011ra).

Nekez ikusiko dugu hirukotea Europako lasterketetan, oso talde apaletan ari direlako, baina lortu dutenak oihartzuna izan du. Ez da gutxiagorako, Contador, Van Garderen, Nibali edota Van den Broeck –ezagunak, ezta?- lehiatu dira-eta Argentinako itzulian.

Eta txirrindulariak bakarrik ez. Zalerik ere bada Argentinan, itzuliko argazkiek erakutsi duten bezala.