Tradiziotik ez dira aldendu

Paris-Niza lasterketako ibilbideak ez du inor aho bete hortz utzi. Aldaketa handirik ez dago, egia esan. Lehen etapa erlojupekoa izango da, baina erlojuz kontra ondo moldatzen direnentzat baino, aproposagoa izango da esprinterrentzat, hiru kilometro besterik ez baitituzte egin beharko. Hurrengo etapak nahiko lauak dira; beraz, litekeena da esprinterrek baliatu nahi izatea euren aukerak.

Ostegunean, martxoak 4, mendiko etapa izango da, gorabeheratsua oso. Zazpi aldapa, guztira Saint Vallierrera bidean: bigarren mailako lau mendate eta hirugarren mailako hiru. Etapa hori baino pisu handiagoa izango du ziurrenik hurrengoak, ostiralarekin jokatuko denak. Izan ere, helmuga La Montagne de Lure mendatean jarri dute. Mont Ventoux makurretik gertu dago La Montagne de Lure, eta bizilaguna bezain gogorra ez den arren, lastoa eta garia bereiziko ditu. 18 kilometro ditu igoerak eta erdiko zatian, lauzpabost kilometro gogor samar daude. 2009an Contadorrek irabazi zuen mendate horretan.

Azken aurreko etapan, akaso asteburuarekin bat egiten duenez, ikuskizuna bilatu dute antolatzaileek, eta Manosque eta Niza arteko bidea aldapaz bete dute. Malda gogorrenak, ordea, helmugatik urrun samar izaki, oso zaila izango da sailkapen nagusia iraultzea.

Azkenik, lasterketa amaitzeko, Col d’Ezera igoko dira ziklistak, banan bana, erlojuz kontrako lehian. Malda egon badago, baina ez da gogorra eta etaparen luzerak -10 kilometro – ez du alde handirik ekarriko indartsuenen artean.

Ibilbidea kontuan hartzen badugu kiniela egiteko, denetik aukeratzea egokiena izan daiteke, bai esprinterrek, bai erlojuz kontra trebeak direnek eta baita igotzaileek ere izango dute non erakutsi beren dohainak. Badago, dena dela, etapa ehiztarientzako lekurik; agian horiek desoreka lezakete balantza.