Martinen aroa hasi da

Alemaniarrak kolkoratu du urrezko domina Munduko Txapelketako erlojupeko saioan. Wiggins bigarren sailkatu da eta Cancellara hirugarren. Jonathan Castroviejo ustekabeko nagusietako bat izan da, 11. postuan bukatu baitu.

Martin nagusitasun handiz gailendu da; minutu eta hamasei segundo atera dio Wigginsi eta minutu eta hogeita bat segundo Cancellarari. Suitzarra bigarren postuan zela, bihurgune bat gaizki hartu eta lurrera erortzeko zorian egon da. Ozta-ozta eutsi dio, baina erritmoa hautsi dio horrek.

Martinek denboraldia borobildu du. Algarven hasi zen garaipen zakua betetzen otsailean. Paris-Nizako sailkapen nagusia iritsi zen jarraian, eta erlujupeko garrantzitsuak irabazi ditu 2011n, Danimarkan urrezko domina eskuratu aurretik. Euskal Herriko Itzulikoa irabazi zuen, eta baita Tourrekoa eta Vueltakoa ere. Aurreko urteetan dir-dir egin eta gero, 26 urteko alemaniarra lehertu dela dudarik ez da. Aurten hiru asteko itzuliak harentzat gehiegi direla erakutsi du, bereziki Tourrean, baina batek daki, itzuli handiren batean irabazteko lehian egon daiteke gorputzaldi egokia harrapatzen badu. Mendia du ahulgune nagusia. Horretaz, zalantzarik ez dago. Edozein modutan, erlojupeko eta itzuli txiki asko –Paris-Niza eta Euskal Herriko Itzuliaren tankerakoak- irabaziko ditu aurrerantzean, okerrik ez dela.

Aurkia eta ifrentzua. Cancellarak ez du urte beltza izan, baina… Udaberriko klasikoetan Gilbert garaitezinarekin egin zuen topo, eta gaur, Martinekin. Azken unean, gainera, bigarren postua ere galdu du. Lau aldiz irabazi du urrezko domina erlojupekoan Cancellarak eta hori ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, baina akaso Martini irabazteko nahikoa lan izango du aurrerantzean. Wiggins, Espainiako Vueltan bezala, podiumean izan da, nahiz eta koskarik gorenera ezin zapaldu.

Jonathan Castroviejo 11. postuan sailkatu da. Egia da Romandiako Tourreko aitzin etapa irabazita, 24 urteko getxoztarrak erakutsi zuela erlojuz kontrako lehian abilezia duela, baina Munduko Txapelketa are erakusleiho handiagoa da. Denborarik onena izan du tarte batez, eta batek baino gehiago gaur ezagutuko zuen. Gainera, nazioarte mailan oihartzun handia hartzen ari diren gazte batzuei irabazi die, hala nola Phinneyri eta Talanskyri. Castroviejorekin batera izan dira lehen hamarren artean etorkizunean gertutik jarraitu beharreko beste txirrindulari batzuk, Bobridge australiarra –bosgarren sailkatu da- esate baterako. Baita Dyachenko ere –Vueltako Bilboko etapan Igor Anton, Gorka Verdugo eta Bruseghinekin batera ihesean ibili zena, gogoratzen? Westra ere aipatu behar. Holandak igotzaile apartak eman ditu azken urteetan, baina Westra erlojupekoan onenengandik oso urrun ez dagoela agerian utzi du.

Porte ere onenen artean ikusi dugu. Bazen garaia! Contadorren itzalpean oso gutxi azaldu baita aurten tazmaniarra. Denboraldiko dezepzioetako bat izan da. Bi beterano ere sartu dira Top 10-ean: Grabsch laugarren izan da eta Millar zazpigarren. Fuglsang, azkenik, hamargarren postuan sartu da

Argazkia: Riccardo Scanforla / cyclingnews.com