Ustekabeko apopiloak

Vueltako heren bat pasatu da. Sailkapen nagusiko lehen hamarren artean badira hiru asteko itzuli batean ‘Top Ten’-ean sekula bukatu ez duten zazpi txirrindulari: Froome, Kessakoff, Fuglsang, Cobo, Monfort, Mollema eta Brajkovic.

Froome: gogoratzen Ullrichekin?
Ustekabe handienetan handiena Froome liderra da. Kenyan jaio eta Ingalaterrako pasaportea duen ziklistak La Covatillan gora erakustaldia eman zuen onenen tropeltxoaren buruan jarrita. 26 urte ditu eta Interneten arakatuta, igotzaile ona badela dirudi. Aurten Gaztela-Leon eta Romandiako itzulietan 14. eta 15. postuan bukatu du, hurrenez hurren. 1996ko Tourrean Rijsen mesedetan sekulako lana egin zuen Ullrich datorkit burura Froome ikustean. Eta Ullrichek Tour hartako erlojupekoan bere taldeburuaren gainetik egon zen, Froomek Wigginsekin Salamankan egin bezala…

Fuglsang eta Monfort: Schelck anaien bizkazainak
Schleck anaiak gabe, batek baino gehiagok pentsatzen genuen Leopard-Trek taldea oporretara joango zela Espainiara, baina usteak erdi ustel, bi ziklista jarri baititu lehen hamarren artean.
Fuglsang 26 urteko txirrindulari suitzarrak –argazkian- Andy eta Francken mesedetan morrontza lanak egin ditu itzuli handietan azken urteetan, beraz ez du aukerarik izan bere burua gehiegi erakusteko. Hala ere, Danimarkako Itzulia 2008an, 2009an eta 2010ean irabazi zuen eta aurten, Suitzako Itzuli menditsuan, laugarren sailkatu da.
Monforti ere beste batzuentzat lan egitea egokitu ohi zaio. Belgiarrak 28 urte ditu eta iazko Bavierako Itzulia irabazi zuen –etapa batean ere gailendu zen- eta 2008an Beijingeko Olinpiar Jokoetan lehiatu zen

Kessiakoff: 31 urterekin lehertu da
Kessiakoff Astanaren taldeburu bilakatu da Vueltan. Txirrindulari suediarra ez da atzo goizean jaioa, 31 urte baititu. 2000. urtean egin zuen debuta profesionaletan, baina 2009ra arte oso talde apaletan aritu zen, eta haren ibilerek ez zuten kasik oihartzunik izan. Mendi bizikleta eta errepidea uztartu zituen, gainera, zenbait urtetan. Duela bi urte Fuji-Servetto taldera jauzi egin zuen eta aurtengo Austriako Itzulia irabazia da.

Mollema: Zer esana emango du
24 urte besterik ez dituen herbeheretarra afizionatuen sasoitik erakusten ari da txirrindularia dagoela. 2007an Espainian jokatzen den Mendi Zirkuitua irabazi zuen Mollemak, baina Etorkizuneko Tourra ere. Iaz Poloniako Itzulia irabazi zuen eta aurten, Suitzako Itzulian oso ondo aritu da eta laugarren postuan bukatu du. Tourra, Gesink taldeburuari eta Rabobank guztiari bezala, kontrako eztarritik joan zitzaion.

Cobo: Oiartzun-Hautacam
30 urteko espainiarrak 2007an jo zuen goia, Oiartzunen bukatutako Euskal Herriko Itzulia irabazita, sekulako erakustaldia emanda. Saunier-Duvalen urrezko aroa zen. 2008an, Tourrean, Piepolirekin batera helmugaratu zen Hautacamen. Etapa hura Piepolik irabazi zuen, baina dopin kontuengatik kendu egin zioten garaipena, eta palmares ofizialean, Coboren izena ageri da. Ordutik ezin izan du erregulartasunik erakutsi, eta hori jakina, ezinbesteko dohaina da itzuli handietako lehen postuetan egoteko. 2009ko Vueltan La Granja de San Ildefonson amaitutako mendiko etapan gailendu zen.

Brajkovic: Ereindakoa jasotzeko garaia du
Esloveniarrak 2006ko itzulian harri eta zur utzi gintuen 22 urterekin Espainiako Itzuliko liderra izan zelako bi egunetan. Discovery Channel taldean zebilen, orain bezala Bruyneelen esanetara. Iaz orain arteko garaipenik garrantzitsuena eskuratu zuen: Dauphine Libere. Aurten, 27 urterekin, Tourrera itxaropentsu joan zen Brajkovic, baina jausi egin zen eta lasterketa utzi behar izan zuen.

Zaila izango da horiek denek goiko postuetan Vuelta amaitzea, baina zaila izango da, era berean, denek pot egitea.

Argazkia: Vuelta a España