Nevegaletik Finestrera

Asteburuan gozatu ederra hartu genuen Euskal Herriko bi txirrindularik, Igor Antonek eta Mikel Nievek, Giroko bi etapa nagusiak irabazi zituztelako. Hala ere, batek daki, beharbada gozatzeko parada gehiago izango ditugu etxeko ziklistekin. Sestriere, Aprica, Finestre… Giroaren azken txanpak ere zeresana emango du. Ea ba…

Asteartean, Nevegalen gora erlojupean ariko dira txirrindulariak: zortzi kilometro eta batez besteko aldapa, %7,4. Contador da faborito, baina aukera bikaina izan dezakete Igor Antonek eta Mikel Nievek sailkapen nagusian posturen bat edo beste gora egiteko. Iazko kronoigoerak, Kronplatzekoak, baino tarte txikiagoak utziko ditu aurtengoak, hura gogorragoa zelako, baina aldea egongo da, jakina, batzuen eta besteen artean.

Asteazkenean eta ostegunean etapa ehiztariek bi aukera paregabe izango dituzte, sailkapena lehiatzen ari direnak ostiraletik egurrean dabiltzalako, eta buruan izango dute ziurrenik asteburuan datorkiena. Asteazkenekoa Aprica herri ‘mitikotik’ igaroko da, baina oraingoan herri horretatik oso gertu dagoen Mortirolo handia ez dute igo beharko.

Ostiraleko lanari dagokionez, lehengo lepotik burua. Seguruenik suziri askorik ez da ikusiko. Macagnaga mendatean bukatuko da; oso mendate luzea da -20 kilometrotik gorakoa-, baina oso aldapa txikia du. Erakusteko bainoago gordetzeko eguna izango da, batik bat, hurrengo egunean zain dutena aintzat hartuta.

Larunbatean, etapatzarra ostera ere. Finestre mendate beldurgarria igoko dute (18 kilometro / %9ko batez besteko penditza) , eta hura jaitsita, Sestriere. Ez da mendate gogorra Sestriere, baina Finestrek xehe-xehe eginda utziko du pelotoia, eta lasterketaren azkenaurreko eguna izanik, litekeena da Val di Fassan eta Zoncolanen bezala, txirrindulariak banan bana iristea. Duela sei urte oso ibilbide antzekoa egin zuten, eta Rujanok irabazi zuen, Simoni, Di Luca eta Savoldelliren aurretik. Igor Antonen lehen Giroa izan zen hura, eta etapa hura gozatu –edo sufritu- zuen.

Igandean, azken suziria: 33 kilometroko erlojupekoa izango da Milanen. Ordurako den-dena erabakita egongo da, edo hala dirudi behintzat.

Eta honen guztiaren  aurrean, zer jarrera hartuko beharko lukete Euskaltel Euskadiko ziklistek. Nota bikaina merezi dute dagoeneko, baina podiuma ez dute horren urrun. Novegaleko kronoigoera eta Finestreko etapak dituzte alde.