Euskal Herrian mozorrotzea alferrik da

Euskal Herriko Itzuliak lehen etapan bertan bereiziko ditu lastoa eta garia. Litekeena da 20 edo 30 txirrindularik baino ez eustea itzulia irabazteko aukerari. Izan ere, Zumarragan hasi eta bukatuko den saioan ziklistek La Antigua aldapatzarra igo behar izango dute helmugatik oso gertu. Bigarren etapa, bestalde, Lekunberrin bukatuko da eta Azpiroz mendateak are gehiago xehetu dezake faboritoen multzoa. Beraz, hasieratik egurra. Beharbada hirugarren etapa, Zuia-Murgian bukatuko dena, ez da horren erabakiorra izango, baina ostegunean Arrateko gainean aldea egongo da batzuen eta besteen artean. Ostiralean Zallarako bidean ziurrenik sailkapen nagusirako hautagaik ez dira gehiegi mugituko, indarrak larunbateko erlojupekorako –Zallan bertan- gordetzea nahiago izango baitute. 24 kilometroko erlojuz kontrako saio gogorra izango da, Bezi eta Avellanedako gainak igo beharko baitituzte. Ibilbideari gainbegiratxoa emanda, bistan da lehen bi etapek asko argituko dutela sailkapen nagusia. Arnasa hartzeko edo hauspoari buelta emateko aukera izango da astean, baina gaizki hasten denak jai du.

Euskaltel Euskadiko Sanchez dago denen ahotan. Asturiarrak sasoian dagoela erakutsi zuen larunbatean Lizarran eta itzulia irabazteko gogotsu dagoela adierazi du. Taldea bera ere grinatsu dago, itzulia 2004an irabazi zutelako azkenekoz, Iban Mayok erakustaldia emanda. Zeintzuk izango diren Sanchezen aurkariak? Bada, Martin alemaniarra kate motzean lotu beharko du talde laranjak. Lehen etapako aldapatzarran, Lekunberrira bidean, edo Arraten gora jo beharko dute, izan ere, azken eguneko erlojupekoan, ezustekorik ezean, Sanchez baino hobeto ibiliko da Martin, espezialista baita. Paris-Niza poltsikoan duela etorri da Martin Euskal Herrira eta hori aho biko ezpata izan daiteke; etxeko lanak eginda lasai-lasai etor daiteke edo Frantziako garaipenak bere buruarenganako konfiantza puztuko zuen akaso. Martinen maila berean RadioShackeko koadrila jar daiteke. Hornerrek iaz irabazi zuen eta 1 zenbakidun dortsalak kuraia emango dio, ziur. Klodenek ere gurean irabaztea zer den badaki eta bigarren bukatu berri du Paris-Niza, etapa irabazita. Eta Leipheimer ohi bezain erregular dabil. Zaila izango da hirurek La Antiguako maldetan eustea, baina zaila izango da era berean bat bera ere aurrean ez helmugaratzea.

Baina beste hainbat izen ere aipatu behar. Alde batetik, Euskal Herriko itzulian beste urte batzuetan ondo ibili direnak. Esate baterako, iaz Aian nagusitu zen Katushako Rodriguez. Kataluniarra iaioa da ibilbide gorabeheratsuetan; kontra du baina, azken eguneko erlojupekoa. Iaz podiuma zapaldu zuen Beñat Intxausti ere gertutik jarraitu beharko dugu. Baita joan den urtean lehen postuetan burua sartu zuen Peraud frantziar.

Euskal Herrian aurreko urteetan dir-dir egin ez arren, denboraldiko lehen lasterketetan nota ona atera dutenak ere honera ekarri beharra dago. Omaneko Tourrean gailendutako Gesink eta Frantziako Nazioarteko Kriteriumean oso ondo dagoela erakutsi berri duen Frank Schleck kasu. Skyko Uran kolonbiarra, bestalde, lehen postuetan ikusi berri dugu Kataluniako Voltan.

Puntako txirrindularien zerrenda ia amaigabea da. Cunego eta Di Luca italiarrak beharbada koska bat beherago daude, baina aldapaz jositako etapa bukaeratan aurrean badabiltza inor gutxi harrituko da. Iaz Giroan maglia arrosa jantzi zuen Porte australiarra izango da, bere aldetik, Saxo Bankeko talde burua. Euskal Herrian badugu haren berri, Donostia-Donostia Klasikoan aurreko tropeltxoan iritsi baitzen Donostiako helmugara iaz. Izen asko, benetan.

Argazkia: Cyclingnews.com