Harbidea ona ala txarra izan zen Schleckentzat?

contadorAndy Schleck Tour bikaina egiten ari da, baina ziurrenik ez zaio nahikoa izango Parisen igandean elastiko horia janzteko. Gauzak zer diren. Paris-Roubaixen tankera izandako etapa ikusgarri hartan, Andyk minutua kendu zion aurkari nagusiari, Contadorri, baina Franck anaia galdu zuen eroriko baten ondorioz. Zer izango zuen nahiago Andyk, minutu hura poltsikoratu ala alderik lortu ez, baina anaia Tour osoan aldamenean eduki ? Itzuli guztietan izaten dira erorikoak, eta ez dago atzera begiratzerik, baina joan den urtean bi anaiek zer ondo elkar ulertu zuten ikusita, harbidearen etapak mailot horirantz asko hurbildu zuen Andy, baina itzulitik urrundu zuen, era berean, anaiak erori ostean etxera joan behar izan zuenean.

Eguraldi bikaina izan dugu aurtengo Tourreko mendiko etapa gehienetan. Pirinioetako azkenekoan, aldiz, eguraldi makurra izan da. Euria tarteka, eta behe lainoa. Bi txirrindulari indartsuenak nagusitu dira mendiko azken etapan ere: Alberto Contador eta Andy Schleck. Tourmaleten gora jo du erasoa Schleckek, helmugara 10 bat kilometro geratzen zirenean, eta espainiarra izan da haren erritmoa jarraitzeko gauza izan den bakarra. Orpoz orpo igo dituzte azken kilometroak. Schleckek hamaika ahalegin egin ditu Contador atzean uzteko, baina ezin izan du. Kilometro pare baten falta Contadorrek erritmoa aldatu du, baina ez du Luxenburgoko ziklista garaia ustekabean harrapatu. Gauzak horrela, elkarrekin iritsi dira helmugara eta Schleck helmugaratu da lehena. Bostekoa eman diote elkarri bi txirrindulariek bukaeran, duela urte batzuk Armstrongek eta Ullrichek egin zuten bezala. Gauzak ondo, Contadorrek irabaziko du Tourra, izan ere, gelditzen diren etapetatik larunbatekoa, erlojupekoa, izango da erabakigarriena eta erlojuz kontrako lehian, espainiarra hobeto moldatzen da. Zer gertatu behar luke Schleckek lehenengoz Tourra irabazteko? Bada Contadorrek oso egun txarra izan beharko luke, edo beharbada Schleckek Balesen gora jasandako zorigaiztoa, matxuraren bat alegia.

Podiumeko hirugarren koskarako lehia estua izango da, Samuel Sanchez eta Denis Menchoven artean. Euskaltel Euskadiko txirrindularia erori egin da etapa hasi eta gutxira. Zorionez, bere onera itzuli da eta azken igoeran bikain jardun da. Igoera ia guztia egin du Menchov, Horner, Hesjedal, Rodríguez, Van den Broeck eta Gesinkekin batera, eta azken metroetan atzean utzi du Menchov. Minutu erdia izango du alde Sanchezek larunbateko erlojupekoa. Nahikoa ote?

Azken aldapak beste irudi batzuk utzi ditu. Esate baterako, Levi Lepheimer eta Alexander Vinokourov ezinean ibili dira. Tour handia egin du Vinokourovek; Contadorri lagundu dio, eta horretaz aparte, etapa irabazi du. Lepheimer RadioShack taldeko onena izan da, Armstrong nagusiaren gainetik. Gaur arte. Horner izango da, ondo bidean, AEBetako taldeko onena; hamargarren postuari eusten saiatuko da azken etapetan aurteko Euskal Herriko itzulia irabazi zuen ziklista.
Eta Carlos Sastrek lainopean eta bakar-bakarrik egindako saioa ere utzi digu etapak. Samuel Sanchez erori denean egin du aurrera espainiarrak, aurretik zuen ihesaldia gehiegi urrunduko zitzaion beldur. Haren jarrera ez du begi onez ikusi pelotoiak, edo behintzat haren zati batek, eta gainera alter-alferrik izan da. Ez du aurreko taldearekin bat egiterik izan eta Tourmaleteko magalean jan du tropelak. Lance Armstrongek hainbestean igo du azkenekoz Tourmaleta, eta lau minutura iritsi da helmugara.

Argazkia: Sthepen Farrand. Cyclingnews