Montalcinoko lokatza

Evansen garaipena Giroko 7. etapanGaurkoan etapa ehiztarien lehia ikuste espero genuen, baina azkenean sailkapen nagusiko txirrindulari indartsuenek eman digute ikuskizuna. Bukaeran faboritoen artean sortu diren denbora tarteak itzelak izan dira; esate baterako, Sastre 5 minutu beranduago sartu da helmugara, Basso 2 minutu ingurura Nibalirekin batera eta lidergoa galdu du…

Eguraldia eta izan duten ibilbideak lasterketa apurtu du. Guztia baldintzatu duena Liquigas talde osoaren erorikoa izan da lokatz bidetatik sartu aurretik. Basso eta Nibali bete-betean harrapatu ditu erorketak, baita Sastre bera ere. Gainontzeko faboritoek egoera ederki probestu dute eta aurrera egin dute tarteak irekiaz. Eguraldiak zailtasuna gehitu die atzetik aurrera egiteko eta gainera gaurko etapako hainbat kilometro  lokatz bidea izanik, gogortasuna areagotu da.

Evans, Vinokourov, Cunego, Gadret, Pinotti eta Arroyo aurrean izan dira eraso baten ostean. Tropel nagusian Gerdemann, Millar eta Porte ziren besteak beste. Atzean, denbora tartea txikitu nahirik Nibali eta Basso. Azkenean Aurreko boskotea iritsi da helmugara eta Evansek eraso bikain bat jo ostean, etapa garaipena eta 20 segundoko gain saria eskuratu ditu.

Atzeko taldean Scarponi izan da aurrena helmugaratzen. Aipatzekoa italiarraren lana Liquigasekoekin batera baitzen eta atzetik aurrera sendo joan ondoren tropel nagusiarekin bat egitea lortu baitu. Esan bezala, Nibali eta Basso 2 minutu ingurura. Gainontzeko txirrindulariak ere banaka iritsi dira helmugara eta 5 minututara Sastre eta Tondo.

Montalcionoko etapan galtzaile Nibali izan da maglia galdu duelako, baina bera baino gehiago Basso esango nuke. Nire iritzian Basso da taldeko liderra eta gaur ezinean aritu da. Beharbada azken asterako prestaketa egin duelako? Ez dakit. Beste galtzaile nabarmena Sastre izan da. Leganesekoa buru altsa ezinda dabil aste honetan; Holandako erorikoen ondorioz 2 minututik gora galduak zituen. Gaur 5 minutura helmugaratu da. Oker ez banaiz 7 minutuko atzerapena izango du gaurko etaparen ondoren. Sailkapen nagusiari agur esango al dio Cervelokoak? Errekuperatzeko aukerarik ba al du?

Evans indartsu dabil eta gaurkoan argi erakutsi du. Talde kaxkar xamarrarekin ari da Italian, baina garbi dago australiarra indartsuena dela eta Giroa irabazteko hautagai nagusia dela. Tropelako erabiltzaile gehienak ez geunden oker; %83,7ak aukeratu dugu eta asmatu dugulakoan naiz. Vinokourov ere bikain lehen aste honetan, baina ez dut uste azken asteraino sasoi honekin iristeko gauza izango den. Ikusiko dugu.

Esan bezala, gaurko etapak sailkapen nagusian aldaketa ikaragarriak eragin ditu. Zenbaitek kritikatu egin du hiru asteko lasterketa batean horrelako ibilbiderik ezin dela jarri esanez. Nik, txirrindulari zale moduan, gustura ikusi dut ba. Aspaldian gainera horrelako denbora tarteak ikusi gabe nintzen 3 astetako lasterketa batean eta guztia posible dela gogora arazi dit honek. Nik txalo egiten diet lasterketa antolatzaileei. Beharbada txirrindulari eta taldeak haserre izan daitezke, baina ikuskizuna saritu nahi bada, horrelako etapak jartzearen aldekoa naiz.

Aurtengo Giroa aspergarria eta monotonoa izatetik oso urruti dagoela iruditzen zait, eta oraindik beste bi aste falta dira!

Nibali: faborito nagusia?

Nibali maglia arrosa janzten

Ikuskizuna eman zuen Liquigasek atzo taldekako erlojupekoan. Gazzetta-koek zuzenean behin eta berriz esan zuten moduan, “incredible la prestazione de la Liguigas”.  Eta Nibali eta Basso lehen eta bigarren dira sailkapen nagusian.

2008a datorkit burura: orduan, Astana taldea gonbidatu zuen Giroak, lasterketa hasi baino hamar bat egun lehenago. Contadorrek berak  esan zuen “hondartzan” zegoela taldearen deia jaso zuenean Girora joateko -gutxik sinetsi zioten-. Girora joan, eta baita irabazi ere egin zuen.

Bada, aurtengo Giroan, Pellizottiren lekua betetzen ari da Nibali. Guk bost egun lehenago jakin genuen albistea: Pellizottik gorabeherak izan zituen pasaporte biologikoarekin, 2009ko Tourrean. Ia hamar hilabete pasa dira iazko Tourretik.

Iaz, Tourrean, 7. izan zen Nibali, eta onenekin batera ibili zen mendiko etapetan.

Hau guztia esanda…

1) Guk bezala,  Liquigas taldeak Giroa hasi baino bost egun lehenago jakin zuen Pellizottiren aferaren kontua?

2) Ala Liquigas taldeak aspalditik zekien Pellizotti ez zela Giroan izango eta Nibali buru-belarri ibili da Italiako lasterketa gertatzen?

Duela astebete, Evans, Vinokourov, Sastre, Basso, Pellizotti, Pozzovivo, Garzelli, Scarponi… izen horiek zeuden guztion ahotan.

Eta orain? Zuek zer uste duzue? Orain momentuan, Giroa irabazteko hautagai nagusia da Nibali?


Oh.: Nibalik, etaparen ostean, esan zuen Basso dela taldeko liderra -zer esango du ba…-, eta arazoa beste taldeek daukatela; azken hori egia handia da.

Argazkia: Roberto Bettini (cyclingnews.com)


Vinokourovek maglia taldekidearen erruz galdu du

Vinokourov taldekideari begira

Astana hemugara iristean Vinokourovek egindako keinuek hori pentsa arazi digute. Kazakhstandarraren haserrea agerikoa izan da. Bazekien maillot arrosari eusteko ezin zuela segundorik ere galdu eta 5. kideak berarekin iritsi behar zuela. Baina honek ezin eta denbora galdu dute taldeko liderraren kaltetan. Zein zen 5. txirrindulari hori? Seguru ez duela afari goxorik izan.

Ikaragarrizko erlojupekoa egin duena Sky izan da. Wiggins eta bereak talderik konpaktoena dela argi utzi dute berriro ere. 37 minutu azpitik behar izan dute lana burutzeko. Niretzat ere faborito garbiak ziren, baina azkenean ez da hala izan.

Eguraldiak etxekoei mesede egin die gaurkoan. Liquigasen ordua zenean, errepidea lehorrago zegoen eta horri eskerrak Skyren denbora hobetu dute. Ondorioz Nibali jarri da lider gaurkoan, atzetik Basso duelarik. Emaitza bikaina zalantzarik gabe talde berdearentzat.

Aurtengo Giroan ohiko bihurtzen ari da lider aldaketa etapa bakoitzean. 4 etapa jokatu dira eta 4. liderra izango da Nibali. Biharkoan ere lider aldaketa izango al dugu?

Holandak zauriak eragin ditu

3. etapan Vandevelderen erorikoaGaur atseden eguna izan dute txirrindulariek. Atzo Holandan jokatzen zen etapa amaitu ostean, Italiara joateko probestu dute. Bihartik aurrera izango da 2010eko Giroa Italiako errepideetan.

3 etapa jokatu dira Holandan eta hiri lider ezberdin eman ditu etapa bakoitzak: Wiggins, Evans eta Vinokourov. Ingelesak erakustaldia eman zuen erlojuaren kontrako saioan eta maillot arrosa jantzi zuen. Igandean, ordea, errepide estuak eta nerbioak zirela eta, eroriko mordoa izan zen eta tartean Wiggins suertatu zen. Galdu zuen denbora zela eta, Evansek jantzi zuen maillota. Baina australiarrari pozak gutxi iraun zion; atzoko etapan ere eroriko asko izan ziren. Atzokoan bete betean Wiggins bera harrapatu zuen eta ia 4 minutuko atzerapena eragin zion. Eroriko horretan Evans eta Sastre izan ziren besteak beste, baina hauek denbora galdu bazuten ere, murriztea lortu zuten. Ez nahikoa, ordea, Evansek maillotari eusteko eta Vinokourov-ek eskuratu zuen. Kazakhstandarraren alde egin zuen, beraz, atzoko etapak.

Lasterketako gizon garrantzitsuak denbora galera eragin zien eta gehien kaltetuena Vandevelde izan zen, lepauztaia hautsita lasterketa utzi beharrean aurkitu baitzen.

Gora behera ugariko bi etapa izan ditugu Holandan. Beharbada eztabaida ekarriko du ia ibilbidea egokia zen ala ez horrelako lasterketa baterako. Egia dena da inork gutxik espero zuela horrelakorik ikusterik eta faboritoen artean zalaparta ugari ekarri duela Holandan zehar buruturiko etapek.

Argazkia: cyclingnews.com

2010eko Italiako Giroak Amsterdamen joko du hasieraren txirrina

I amsterdamAmsterdamen hasiko da gaur 2010eko Italiako Giroa. 8,4km-ko erlojupeko teknikoa izango da hiriburuan bertan. Lehena irteera puntuan Russ alemaniarra izango da 13:55etan. Euskaldunei dagokionez, berriz, Xabier Zandio 14:23tan irtengo da eta Iban Mayoz 15:35etan. Zorterik onena opa diegu biei!

Gaurko faboritoen artean Millar eta Pinotti aurkitzen dira. Biek Cancellara falta dela aprobetxatu nahi dute etapa garaipena eta maillot arrosa janzteko. Erlojupeko teknikoa izango da Amsterdameko kaleetan zehar.

Asteartera arte Holandako lurretan izango dira txirrindulariak. Asteartean atseden eguna izango dute Italiara joateko probestuz. Hori bai, asteazkenean Italian beste erlojuaren kontrako saio luzeago bat izango dute, 33km-takoa.

Ikuskizuna astera doa!