Cancellara bikoitzaren bila

Cancellara. 2009ko Munduko Txapelketako erlojuaren kontra urrezko dominaEtxean ari da eta horrek motibazio bikoitza ematen dio Cancellarari. Gaur erlojupeko ikaragarria egin du. Bagenekien irabaziko zuela, baina erakutsi duen nagusitasuna ikaragarria izan da. Bigarrena izan den Larsson-i 1’27”ko tartea atera dio eta hori azken 200 metroetan garaipena zaleekin ospatzen joan dela, esku lekutik eskuak gora jasota. 51,58 km/h bataz besteko abiadura ikaragarrian joanda ez nau harritzen areriorik ez izatea. Hirugarren Tony Martin izan da 2’30”ra.

Esan bezala bagenekien Cancellarak gaur irabazi egingo zuela. Ez da ezustekoa izan. Berak esan zuen aurtengoan historia egiteko asmotan dela eta erlojuaren kontrako urrezko domina janzteaz gain errepidekoa ere jantzi nahi duela. Iazko Beijingeko joko olinpikoak gogora ekarri nahi izan du gaurko domina eskuratu eta gero. Oroitzen bazarete, iaz azken kilometroetan ihes eginda zirenak atzetik aurrera eginda harrapatzeko gauza izan zen, baina esprintean hirugarren postua besterik ezin izan zuen lortu Samuel Sanchez eta Rebellinen atzetik. Aurtengoan bi arrazoi eman ditu igandean bigarren urrezko domina lortzeko: alde batetik etxean ari dela (gaurko erlojuaren kontrako saioan 23000 ikusle ziren, gehienak bera animatzen, noski) eta bestetik zangoak Beijinen baino hobeto dituela.

Garbi dago erabat kontzentratuta dagoela aurtengo munduko txapelketa hauetarako. Hala ere ez zait iruditzen gainontzekoek gauzak erraz jarriko dizkiotenik, baina saiatuko dela seguru naiz.

Esan bezala Larsson izan da bigarren sailkatu dena. Esanguratsua bere adierazpenak. Bere hitzetan Cancellara dagoen erlojuaren kontrako saioan zilarra lortzea urrea lortzea bezala sentitzen duela. Ez zait harritzen suitzarraren ibilbidea ikusita.

Gaurkoa irudirik kaxkarrena eman duena Wiggins izan da. Aurreko postuetan ikustea espero genuen, baina ez da gauza izan maila emateko. Larssonek berak ere aurreratu egin du eta muinora azkenekoz igotzen ari zela arazo mekanikoak izan ditu katearekin edo, eta ezinak jota, amorrazioz, bizikleta lurrera bota du. Beharbada denbora gehiegi lehiaketetatik kanpo?

Errepidekoari begira

Tropelean guztiok igandeko saio horren zain gaude. Ez da erreza 10 txirrindulari aukeratzea eta informazio oro gutxi da. Zenbait iruzkinetan Haussler-en eta Frank Schlecken inguruan galdezka aritu zarete.

Lehenaren inguruan esan, ondo zenioten bezala, egun Alemanian bizi den arren Australian jaiotakoa da. Bi naziotasunen jabe da eta Alemaniako taldeak txirrindularia Mendrision nahi bazuen ere, berak ezetz esan du alde batetik bere egutegian ez zuelako aurre ikusita eta bestaldetik ibilbide hori ez omen da egokia bera bezalako txirrindulari batentzat. Hurrengo urtean, berriz, Melbournen jokatuko da munduko txapelketa eta badirudi han izango dela. Bai, badirudi alemaniar baino australiarrago sentitzen dela Haussler.

Frank Schlecki dagokionez, Vueltako 11. etapan lasterketa uztea erabaki zuen. Dirudienez Amstel Gold Race klasikoan izan zuen erorikoak arazoren bat sortu zion belaunetako batean eta ebakuntza egitera eraman zuten. Hau horrela izanda, zail ikusten zen Mendrisioko munduko txapelketarako errekuperatuta izatea.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.