Astanak estu hartu du Cancellara

Astana. 4. etapan garaipena0 segundo. Hori da Cancellara eta Armstrongen arteko diferentzia sailkapen nagusian gaur jokatu den 4. etaparen ondoren. Cancellarak antolakuntzak berria eman duenean bi erroskillen keinua egiten zion norbaiti “0.0”. Gaurko etapan ez ziren diferentzia handirik espero, baina ia ia lidergo aldaketa izan da.

Etapari jarraipena egiten hasi naizenean Liquigasek zuen denborarik onena helmugan. Lehiatzen ari ziren gainontzeko taldeak ikusi ditudanean, orduan jakin dut Garmin-Splistream taldea 5 txirrindularirekin bakarrik ari zela lehian gainontzeko lauak bidean utzi ondoren. Eta ez ziren kilometro gutxi falta, baina arriskatzea erabaki du taldeak. Hori ikusita marka guztiak puskatuko zituztela uste nuen, baina ez da hala izan. Hala ere, Vandevelderen taldea helmugara sartzean denborarik onena egin dute.

Cancellararen Saxo Bank taldeak maillot horia defendatu beharra zeukan. Schleck anaiei ere komeni zitzaien denbora ona egitea eta horretan saiatu dira. Indarrak mugaraino eraman dituzte eta babesean joateko ahaleginak ere bai, behin baino gehiagotan elkarren kontra jotzeraino arriskatuz. Erreferentziak ikusita, bazirudien maillota mantentzeko gai izango zirela. Helmugaratzean Garmin-Splistreamen atzetik geratu dira baina Liquigasen aurretik 22 segundo soilik galduaz. Denbora ona zen, baina Columbia-HTC eta Astanak zer egiten zuten ikusi beharra zegoen.

Cavendishen taldeak aurre ikuspenetatik oso aparte ibili da. Bazirudien blokeak atzo bezala gaur ere etekina ateratzeko gai izango zela, baina ibilbideak hain estua izateak eta hain konplikatua, gauzak asko zaildu dizkio Columbia-HTC taldeari eta Liquigasen atzetik helmugaratu da.

Astana zen azkena helmugaratzen eta tarteko helmugetan denbora oso onak markatzen ari zen. Garmin-Splistream taldeari 17 segundoko tartea ateratzen zion helmuga horietan eta garbi ikusten zen etapa garaipena poltsikoan zuela, baina maillot horiaren lehian sartu da orduan bete betean. 3. mugarrian 41 segundo ateratzen zizkion eta Armstrongek Cancellararekiko zuen atzerapena 40 segundokoa zen. Birtualki Armstrong lider zen, baina helmugan 40 segundoko atzerapena izan dutela esan dute. Hortxe hasi dira zalantzak epaileek zerbait esan artean. Azkenean mili segundoak tarteko, Cancellarak maillot horia mantentzen jarraitzen duela adierazi dute.

Ikaragarria Astana taldeak eman duen erakustaldia. Ez dago esaterik talde lanean aritu ez denik. Bi oilar ditu oilategi honek, baina gaurkoan biek lan ukondoz ukondo egin dute eta ederki egin ere. Munduko talderik onena dela argi erakutsi dute eta gure zorionerako Haimar Zubeldiaren garaipena ospatu beharko genuke, helmugaratu den taldean baitzegoen gainontzekoek besteko lana eginda. Zorionak Haimar!!!

Aipatu era berean Euskaltel-Euskadik egindako lan bikaina. Bagenekien Tourrera joan aurretik taldeak erlojupeko hau prestatzen jardun zuela eta oso ondo egin dutela esango nuke. 10. postua lortu dute Rabobank bezalako talde baten aurretik.

Faboritoei dagokienez, gaurko etapak Evans eta batez ere Menchov kaltetu dituela esango nuke. Evans 2’59”ra jarri da eta Menchov 3’52”. Errusiarrak erorikoa izan du etapa hasieran eta horrek asko baldintzatu die gaurko erlojupekoa Rabobankeko txirrindulariei.

Biharko etapa laua izanik ere itsaso bazterretik egin behar dute ibilbidea eta atzoko mozketaren bat gerta daiteke tropelean, kosta aldean beti ere haizeak indar gehiagoz jotzen baitu. Hala ere, ez dut uste atzoko gertakaria errepikatzeko moduan izan daitekeenik guztiak ere tentuz ibiliko baitira. Gauzak ondo bidean eta helmugan gain saririk ez dagoenez, Pirinioetako etapen zain geratu beharko dugu sailkapen nagusian aldaketak ikusteko.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.