Izterrak eta burua

VinokourovHoriexen jabe da Vinokourov. Psikologikoki ukituta egon zen aurreko astean izan zuen erorketaren ondorioz, negar eta guzti egiteraino. Nire adiskidea den Oihanek aurreko postean zioen nola Kazakhstango eguzki printzak!! agertu zirela osteguneko etapan. Metaforari jarraiki eta nahiz eta gaur euria izan duen kazakhstandarrak bere erlojupekoan zehar, kazakhstango eguzkia agertu dela esan behar dugu. Hori da hori erakustaldia eman duena!! Benetan emozionatu naizela.

Euskadi Irratiko Txomin Perurena kolaboratzaileak euriaren ondorioz denbora galduko zuela zioen baina oker ibili da. Gainera Vinokourovek jada Tourra lehiatzeko gai ez dela zioen erlojupekoa lehiatzen ari zen artean. Nirekin asko beharbada ez zarete ados egongo, baina nire ustez Tourraren garaipenaren lehian izango da. 5 minutu dira Rasmussen eta Vinokouroven artean. Gehiegi?

Espainiar telebistan ere Perikok Valverdek azken urteetan erlojupekoetan egin duen hobekuntza gogorarazten zigun eta etapa hau berarentzat ona izango zela, baina hau ere oker ibili da. Valverdek 6 minututik gora galdu ditu eta orain sailkapenen nagusian Vinokourovengandik ia minutu batera aurkitzen da.

Beste ezustekoa Rasmussen daniarrak eman du. Eutsi egin dio maillot horiari. Pentsa, Valverde bera ere pasa egin du helmugara iritsi aurretik. Kontutan hartu beharreko txirrindularia gaurko erakustaldiaren ostean.

Astanak nagusitasuna erakutsi badu ere lehen postuetan Vinokourov, Kloden eta Kaschekinekin, Evansen lan aparta gogora ekarri behar da. Bigarren sailkapen nagusian minutu bakar batera. Gaurkoaren ostean, eta Rasmussenek egiten duenari begira egon beharko badugu ere, Evans eta Kloden hautagai nagusi solidoak dira nire ustetan. Noski, Contadorrek ere lan bikaina egin du eta aurrean izango da Vinokourovekin batera. Ia Pirinioetan zer gertatzen den.

Euskaldunei ere bistadizo bat eman nahiko nieke. Astarloza ikaragarri ibili da. Nik uste nuen Haimar espezialista zela, baina aurtengo ekitaldian Astarlozak bere gorputzeko indarrak dosifikatzeko gaitasun nabarmenak dituela erakutsi ditu. Sailkapen nagusian zortzigarren postura aurreratu da. Haimar espero baino okerrago ibili da. Galdeanori egin dioten elkarrizketan usurbildarra ez dela ondo aurkitu zioen. Sailkapeneko lehen postuetatik atzeratu egin da. Ia Pirinioetan behintzat ezustekoren bat emateko gai den.

Mayo ere espero bezala ibili dela esan beharko genuke. Ez zen bere helburua Tourra lehiatzea eta gaur denbora asko galdu du. Pirinioetan jarri omen du begia. Eta aurten erakutsi du ondo dabilela. Ez nintzateke harrituko etapa garaipen bat lortuko balu hurrengo etapetan.

Gauzak nahasiak daude lehen postuetan, inork ez du Tourra bideratuta. Hori interesgarria da oso gu bezalako jarraitzaileontzat. Bihar bigarren mailako mendi bat dago etapa hasieran, ihesaldia antolatzeko aproposa. Eta kontuz hala gertatzen bada, zeren zein taldek hartuko du ihesaldia kontrolatzeko erantzunkizuna? Edota beharbada faboritoetako batek ihes egin dezake. Zein dago indartsuen? Rasmussen gai izango al da maillotari eusteko Pirinioetan?

Euskaldun asko izango da Pirinioetan hurrengo egunetan. Ikurrinez josita izango dira bide bazterrak gure txirrindulariei animoak ematen eta eztarriak urratzen. Eta hala izan dadila! Hori eta gehiago behar eta merezi baitute gure txirrindulariek. Seguru pozen bat edo beste jasoko dugula ordainetan!

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.