Quebrantahuesos 2007, zapatuan

quebrantahuesos170606.jpgEgun batzuk besterik ez da falta lagun askoren urteko hitzordu garrantzitsuenerako: 205 kilometro aurretik, eta lau mendate.

-Somport: Sabiñanigotik Jacara arteko urduritasunak-eta atzean uzteko, portu eramangarri baina luzea. Malda handirik ez, baina ez da komeni dena ematea, hura igo eta oraindik 150 kilometro gelditzen dira-eta.

-Marie-Blanque: hura igotzen hasi orduko, 100 kilometro hanketan. Zer esan mendate horretaz… Hamar kilometro luze, eta azken laurak izugarriak, malda %10-%12 inguruan, konstante, atsedenik ez… Proba guztiko malda gogorrenak, eta partaide gehienak gorputza alde batera eta bestera mugitzen, garapen txikienarekin: plater bi eramanda, atzean 28ko hortza; plater bi baina compacta eramanda, atzean 25arekin nahiko; hiru plater eramanda, arinago. Hori bai, mendatea pasatu eta berehala jan eta edan postuak daude, beharrezkoak.

-Portalet: iritsi gara momentu erabakigarrienera. 29 kilometroko igoera eta %4ko batze bestekoa. Ba, malda handirik ez! Hori pentsatuko dute askok, baina errealitatea oso bestelakoa da. Izan ere, datu batzuk: ordurako 127 kilometro hanketan; eguerdi aldera igotzen denez mendatea, bero izugarria, benetan, eta azkeneko kilometroetan itzalik ez; aurretik egindako esfortzua ondo neurtu den edo ez, zeru edo infernu bilaka daiteke… Mendate horretan igartzen da norberak urtean zehar egin dituen kilometro kopurua: gorputzak ondo erantzuten badu, kronometroari denbora kentzeko ordua da; gorputzak erantzuten ez badu, burua argi izan behar, kilometroz kilometro daudelako kartelak mendate gainera heltzeko kilometroak adierazten… A ze sufrimendua!

quebrantahuesos07.jpg-Hoz de Jaca: ez da izango! Sabiñanigora zuzenean joan beharrean, hara: 2 kilometro eskas, eta %8ko batez bestekoa! Paraje ederra, Bubalgo urtegia alde batera, baina ea nork erreparatzen dion parajeari ordurako…

Probaren gako batzuk, nire iritziz:

-Edatea eta jatea. Garrantzitsuena, duda barik. Ura edo gatz mineralak izan, asko edan behar da, kantitate txikia aldiro, baina etengabe, ahaztu barik. Eta jana ere zaindu behar da: barratxo energetikoak, fruta, pasteltxoak, glukosa-jelak eta abar. Ibilbidean, jan eta edan puntuak jartzen ditu Edelweissek, eta oso ondo daude, denetik dago. Merezi du bost minututxo hartzea, ondo jan eta bidoiak ondo betetzeko.

-Egin den entrenamendua. Komeni izaten da gutxienez 3.000 kilometro egitea. Gutxi gorabeherako bat da, ze batzuk 1.000 kilometrorekin joango dira eta beste batzuk 10.000rekin, pertsonaren arabera. Hori bai, 140-150 kilometroko hiruzpalau irteera eginda maiatz aldean.

-Disfrutatzea, baita parajeaz ere. Erraza da hori esatea, baina irteera ematen den momentutik, gehienek denbora ona egitera, aurrekoa hobetzera edo ondokoari egurra ematera irteten dira. Hortaz, askok paisaia ederra ikusi ere ez dute egingo.

quebranta.jpg-Aurreko gurpila zaintzea, baita ezker-eskuin ere. Oso garrantzitsua da hori, erorikorik edo bestelakorik egon ez dadin. Eskuleku gaineko erloju edo kuentakilometrosari zenbat eta kasu txikien egin, hobe. Aurrekoak frenatu egiten duela, beste batek ezkerretik eskuinera egin duela… “Montonera” famatuak gertatu ohi dira, eroriko ugari, eta iaz, Somport jaisten, ziklista bat errepidetik irten eta errekara joan zen zuzenean; hil egin zen.

-Guztietan onena: helmuga pasatzean sentitzen den poza, satisfakzioa. Eta gero, “txosnak”: garagardoa, koka kolak, ura, pasta entsalada ederrak… Denetik, benetan, denetik. Baita denetik jan eta edan ere. Batez ere garagardoa eta pasta entsalada.

A! Proba amaieran lagun askori entzungo diogu: “Datorren urtean ez nator berriro”. Bada, ziur egon datorren urtean ere Sabiñanigoko irteeran izango direla. Horrelakoa da Kebranta.