Paris – Roubaix 2007

roubaix2.jpgOraindik zale askoren begiak Euskal Herriko Itzulian badira ere, igande honetan urteko probarik ikusgarrienetakoa korritzen da, Paris – Roubaix, txirrindularitzako 5 monumentuetako bat. Ez dugu euskaldunik bertan postu onik lortzeko moduan, baina ziur naiz txirrindularitza zale den oro proba hau ikusteko zain izango dela.

Espezialistentzako proba dugu hau. Bertan ez da erraza edozeinek karrera hau amaitzea, zer esanik ez beraz, ondo amaitzeko orduan edo podiumean sartzerako orduan. Beti esaten dute, proba honek aurreneko alditik maitemindu egiten zaituela… edo gorrotatu eta gehiago ez duzula korritzen.

Benetan proba gogorra, harbidezko gune askorekin. Hauen artean Arenberg-eko basokoa nabarmendu behar. Duela urte gutxi pixka bat konpondu baldin bazuten ere hau izaten da unerik erabakigarriena. Behintzat aurreneko selekzioa egiteko. Oilar nagusienak jo eta su hasten badira, bertatik helmugarainoko talde erabakigarria sortuko da.

roubaix.jpgNor izango da garaipena jokatuko duten talde horretan? Ba ez dut uste inor harrituko denik Boonen, Ballan, Hoste, Gusev, Pozzato, Bennati, Burghardt, Flecha, Kroon, Hushovd edo Van Petegem aipatzen baditut. Eta esango duzue, ez ote du Fabian Cancellara aipatu behar? Ba ez dut talde horretan jarri, iaz bezalaxe ihes eginda iritsiko denaren susmoa baitut. Aurreko igandean lauean egin zuen erakustaldiaren ondoren, eta bere ezaugarriak ezagututa, hautagai nagusitzat ematera derrigortuta nago. Iaz, arrazoi gutxiagorekin berorren izena eman baldin banuen hautagai nagusitzat, aurten oraindik eta lehenago. Zoro puntu bat badu eta batzuetan horretxek galtzen du. Honen erasoaldia edozein lekutan espero daiteke eta horretxen zain egongo gara denok. Berak esana da gainera euri eta lokatzetan irabazi nahi duela Roubaixko belodromoan, ezerri beldurrik ez duenaren erakusgarri, aldameneko argazki honetan ikusten den bezala. Modu horretantxe irabazi nahi du suitzarrak. Ea hori ikusteko moduan garen, nahiz eta ez diedan ezer txarrik opa txirrindulariei, irrikitan bainago argazkian bezalako lokatzetan txirrindulariak borrokan ikusteko.