4. etapa. Gasteiz – Lekunberri

EH ItzuliaUy, uy, uy… gori-gorian jarri da aurtengo Itzulia!!! Nork espero zezakeen Gasteizko etapan gertatu den lider aldaketa? Vicioso benetan indartsu dabil eta denboraldi hasieran esan zuen Itzuli hau zuela bere helbururik handiena eta berori lortzeko bidean asko gerturatu da.

Asko dira Saunierrek nolatan utzi dion denbora hartzen galdetzen dutenak. Ez dut uste “utzi” egin diotenik. Gogoratu itzuli txikietan 8 txirrindulariko taldeak izaten direla, horietatik Mayo eta Lobato ez dabiltzala santu-santu eta etapa hasierako kilometroen ondoren atzean geratu direla, lanerako De la Fuente, Piepoli eta Camaño bakarrik geratu zaizkiolarik. Liderren bat ere sakrifikatzea beste aukera bat zen baina Matxinek hori horrela ez izatea erabaki du. Ikusiko dugu estrategia horrek Itzuliaren amaieran balio dion.

2 minututik gorako aldea handia da Viciosorentzat eta alde hori ezin da azken kilometroetan egindako erasoaldiekin hain erraz kendu (gogoratu Vicioso aurreneko bi etapetan aurrenekoekin izan dela). Beraz, lehen postu horretatik kentzeko aukera bakarra urrutiko erasoaldiekin izan beharko du. 4. etapak mendate ugari ditu baina ez dut hain garbi ikusten non jo daitekeen erasoaldia. Azken aldapa gogorra izan arren, 3 kilometro ingurukoa da, eta hor, nahiz eta erasoa barrenean jo, Viciosok ez du asko galduko (gaurko gastatutako indarrak bihar nabaritzen ez baditu behintzat) beraz urrutixeagotik jo beharra legoke. Non, ordea? Leaburun agian? Hori horrela izatekotan aurrena Coborekin saiatuko direla uste dut. Relaxek eta Viciosok erantzun ezkero Koldo Gilen txanda izango dela uste dut eta azken momentuan Gomez Marchantere ordua iritsi daiteke.

Interesgarria benetan oraingo egoera. Biharko etapa telebistaz ikusteko aproposa izan daiteke, mugimenduak derrigor izan behar direlako. Noski, denok Saunier ari gara aipatzen baina berdin-berdina esan genezake beste gizon indartsu guztiei buruz: Samuel, J. Rodriguez, Valverde, F. Schleck, Rebellin… Saunierren maillot ezean, lasterketa zoratu daiteke eta talde horretatik kanpoko norbait aprobetxa daiteke horretaz, Vicioso kenduta, besteen arteko diferentziak txikiak baitira.