5. etapa. Lekunberri – Oiartzun

EH ItzuliaGaurkoa da eguna!!! Gaur argitu beharko dira Itzuli hau irabazteko dauden galdera asko. Viciosoren atzoko “ahuleziak” bere arerioak animatu egingo zituen eta Itzulia amaitzear dagoen honetan, hauek ezin dute denbora gehiago zain egon.

Azken 70 kilometrotan Agina, Aritxulegi, Jaizkibel eta Erlaitz batzen dituen etapa bat beti izango da erabakigarria eta oraingoan ere ez dut uste salbuespen bat izango denik. Begi denak Saunier Duval taldeari bideratuta dauden arren, Vicioso ez beste denak oso batuta daude sailkapenean eta oraindik “edozeinek” eman dezake ezustekoa. Noiz hasiko dira oilarrak egurra ematen? Noiz eta nor hasiko Saunierren bere indarrak erakusten? Jaizkibel arte itxarongo al dute erasoaldi bortitza jotzeko ala Agina eta Aritxulegitik izango da sarraskia?

Viciosoren taldeak garrantzia handia izan dezake etapa honetan. Ez dut uste Viciosok aurreneko erasoaldiei pertsonalki erantzun beharko liekenik, ez behintzat inguruan baldin baditu Mancebo, Elias, Pimienta eta Sevilla. Ahal den neurrian hauen gertu egon beharko luke eta ez erasoaldi bortitzetara segituan irten.

Beste taldeen estrategiari buruz, Saunierrek Cobo eta K.Gil bidali beharko lituzke aurrera. Oraindik oso ezkutuan baldin badabil ere, nik Koldo Gil oso eroso ikusten jarraitzen dut eta ez dut uste Itzuli hau agertu gabe amaituko duenik. Hori esaten nabil Itzulia hasi denetik, eta ia amaitu zait, baina gaurkoan Koldo Gilen eguna izan daiteke. Hala ere badira hor Valverde, J.Rodriguez, Samuel Sanchez, Schleck edo Rebellin bezalako txirrindulari batzuk, erasoaldietan sartu ezean ezer irabaztekorik ez daukatenak eta denok Saunierren erasoen zain egon arren hauen erasoaldiek ere ez ligukete harritu behar.

Taldetxo bat ihes eginda iristen bada, Oiartzungo helmuga aldapatxo batean dela jakitea gustatuko zaie, etapa amaieren ezaugarriak asko mugatzen baititu txirrindulari mota batzuen aukerak.

Goza dezagun gaurko ikuskizunarekin, eguraldiak eta ETBko kamerak hori ikusten uzten badigute behintzat (beldur naiz, laino pixkatekin irudi seinalea azkar galtzen baitute).