Flandriako Tourra 07

RVVDuela egun gutxi esan nuen bezala, pertsonalki, urteko txirrindulari denboraldiko zatirik ederrenera iritsi garela uste dut. Askok bestelakoa esaten badidate ere, ez dut uste Tourreko mendiko etaparik gogorrenean ere zenbait klasikotan gozatu daitekeen ikuskizunaz gozatzeko moduan izango nintzatekeenik. Zer egingo diogu bada? itzuli handiena baino, klasikoen zaleagoa naiz, aukera baldin badut, itzuli handietako etaparik galtzen ez badut ere.

Aurreko astetik hasita (Milano-San Remotik nahi baduzue, beste klasiko mota bat baldin bada ere) klasiko ikusgarriak hasi dira, hala nola, E3 Harelbeke, Boonenek 4. urtez jarraian irabazi du, Van Looyren marka berdinduz, edo Flecha Brabancona, bertan Freire hirugarren urtez jarraian gailendu delarik. Klasiko hauetan ikusi denak, batez ere E3 Harelbeken, igandean bere jarraipena izan dezake. Hala izan du, behintzat, aurreko urteetan. Eta zer ikusi da bertan? bada azken urteetako berdinak dabiltzala jo eta su, gazte batzuren baimenarekin.

koppenberg.jpgEgun gutxiren buruan UCI ProTourreko puntu asko banatuko dira, Euskal Herriko Itzuliaz gain, Flandriako Tourra, Paris- Roubaix, Gante- Wevelgem, Fleche Valonne, Liege-Bastogne- Liege eta Amstel Gold Race korrituko baitira. Bi zati nabarmendu daitezke klasikoen zati honetan, orokorrean esanda, “Harrizaleena” eta “Itzuli handietakoak”. Milano-San Remoren ondoren, belgikako proba ikusgarrien ordua da. Momentuz, “harrizaleetara” mugatuko dugu textua, besteentzat tartea izango baitugu hemendik egun batzutara.

Asko dira urteko helburu nagusi edo bakartzat garai hau dutenak eta horien arteko indar neurketa ederra sor daiteke. Azken bi urteetan Tom Boonen izan dugu izar nagusia eta aurten ere ezin esan bera ez denik hautagai nagusia. Hala ere, aurten arerio gehiago eta gogorragoak izango dituen susmoa dut. Horien artean, gogorrenetarikoa, gogorrena ez esateagatik, Fabian Cancellara izan daitekeela uste dut, batez ere Paris-Roubaixen baina Flandriako Tourrean ere ez nituzke begiak beragandik asko urrunduko. Belgikarraren taldekide den Paolo Bettini ere arerio gogorra izan daiteke, batez ere Flandriako Tourrean, beti ere taldeko aginduak oso garbi geratzen ez badira. Paris-Roubaix kenduta, edozein klasika irabazteko moduko txirrindularia da italiarra. Jakina da bere aurtengo helburu nagusia horixe dela eta italiarrak helburu bat buruan duenean eskuak igotzetik urruti ez dela izaten.

Askotan gertatzen den bezala talde garrantzitsuen arteko borroka gogorra izango dugu, bakoitzak bi (kasu batzutan hiru) karta jokatzeko moduan izango direlarik. Hor aipa ditzakegu Quick Step (Boonen, Bettini, Van Petegem, Steegmans), CSC (Cancellara, O’Grady, Kroon), Lampre (Ballan, Bennati), Discovery (Gusev, Devolder, Hincapie) edo Rabobank (Freire, Flecha) talde lan beharrik gabe ondo moldatu daitezkeen Hushovd, Zabel, Hoste, Pozzato edo Burghardt-kin batera.

Testu hau idatzi dudan momentutik bustitzea tokatzen zaidala uste dut, eta aurtengoan Flandriako Tourra Boonen, Bettini, Cancellara eta Ballanen arteko lehia gogorrean erabakiko dela ikusiko dugulakoan nago eta oraindik gehiago bustitzeko modua izango banu, nire botoa Fabian Cancellarari emango nioke. Eman zuen botoa eta iritzia, mesedez.

“Harrizaleen” denboraldia hasi da, pena da hain denboraldi zati motza izatea hau. Gozatu dezagun bitartean, motza izanagatik ez baitut uste gozatzeko aukera faltarik izango dugunik eta.