Apirila, a ze hila!

Paris RoubaixFrantziako Tourra da txirrindularitza sasoian jaun eta jabe. Uztailean (eta ekaineko azken asteetan) nabarmena da komunikabideetan eta ondorioz zaleetan txirrindularitza dela mintzagai. Uda, eguraldi ona, oporrak (batzuk), futbolik ez… eta gainera munduko lasterketarik ospetsuena eta garrantzitsuena, Le Tour.

Baina gaur, apirilean sartu garen honetan, datorkigun hila goraipatu nahi dut, txirrindularitza probei dagokienez. Udaberrian sartu-sartuta, apirileko proba hauek ez dute zerikusirik Tourrarekin. Txirrindularitza zeharo desberdina. Eguraldi freskoa, euria maiz eta malda, muino eta gainak… zientoka. Txirrindularientzat ere gustuko probak izaten dira, lasterketa oso entzutetsuak baitira. Eta zaletuentzat, nola ez, benetako ikuskizun izan ohi dira. Bide estuak, malkartsuak, pabea, jende ugari bide bazterretan… txirrindularitza usaina!

Gainera euskaldunontzat hilabete berezia da, bestela ere, Euskal Herriko probarik nagusiena ere garai honetan izaten baita. Aurten apirilaren 9tik 14ra jokatuko da, astelehenetik larunbatera eta bi klasiko handiz inguratuta izango da. Aurreko egunean, 8an, Flandriako Itzulia jokatuko da eta Euskal Herriko Itzuliaren ondorengo igandean, 15ean, Paris-Roubaix famatua. Bi proba horiek gutxi balira, gehiago nahi duenak, apirilaren 11ean, Gante-Wevelgem dauka.

Aipatutako proba hauetarako taldeek bi multzotan banatzen dituzte txirrindulariak. Batzuk Euskal Herrira eta besteak egun bakarreko proba gogorretara joanez. Ondoren txirrindulariak berriz, nahasiz, apirilaren 22an Herberehetan, Amstel Gold Race proba antolatu ohi da eta hurrengo astean, Belgikan, Fleche Wallone (asteazkenean) eta Liege-Bastogne-Liege (igandean). Guztiak oso lasterketa ikusgarriak. Lasterketa gehiago ere izan badira baina esanguratsuenak aipatu ditut.
Oraintxe bertan apirila, uztaila baino askoz ere ikusgarriagoa dela deritzot. Ez al da hala?

Aukera duena, jar dadila sofan eta goza dezala ikuskizunaz. Esan ohi den bezala: “Ikuskizuna hastera doa!”