Quick Step-eko hierarkiatik aske, nagusi!!!

pozzato.jpgAtzo izan zen Het Volk probak eman zion, hain ikusgarriak suertatzen diren Belgikako klasikoen denboraldiari hasiera. Harbidezko errepide zatiak eta muino motz eta pikoez osaturiko lasterketak izaten ditugu berauek. 3 asteko itzulietan bezala, proba hauetarako espezialistak izaten dira eta zaila izaten da “ezustekorik” izatea.

Iaz Milano – San Remon garaile izan genuen Filippo Pozzato nagusitu zen atzoko Het Volk sarian. Dudarik gabe probako txirrindularirik indartsuena zela erakutsi ondoren, eskuak igota izan genuen helmugan. Flecha eta O’Gradyren atzetik zihoan laukotean erreleborik indartsuenak eman ondoren, azken metroetako erasoaldi bat nahiko izan zitzaion garaile irteteko.

Aurten taldez aldatu du Filippo Pozzatok. Profesionaletara pasa zenetik (gogoratu afizionatu mailatik pasa gabe profesionaletara zuzenean pasatu den txirrindulari gutxietako bat dugula), Quick Step taldean izan da eta erakutsi ditu klasikoetarako dituen dohai ikaragarriak. Urrutira joan gabe, iaz Milano – San Remon garaile izan genuen. Hala ere, bere ezaugarriak atzoko Het Volk, Paris – Roubaix edo Flandriako Tourrerako aproposagoak direla deritzot. Ez ditut Quick Stepetik aldegiteko arrazoiak ezagutzen, hala ere, taldeburu izateko aukera eskaini izanak indar handia izango zuela uste dut. Izan ere, ez da erraza Boonen edo Bettini dauden talde batean, bertako lehen aukera izatea horrelako klasikoetan. Liquigasen taldeburu nagusia da, bai behintzat horrelako probetan, eta atzo erakutsi zuenaren ondoren, lan hauetarako berarekin konfidantza izan daitekeela erakutsi zuen.

Antzeko zerbait esan daiteke Nick Nuyens gazteaz ere. Gazte honek ere martxa egin du Quick Stepetik, eta Cofidiseko klasikoetako buru izatera pasa da. Ez naiz urruti ibiliko, atzoko bigarren gizonik indartsuena zela erakutsi zuela esaten badut. Bi izen hauek kontutan hartu beharko ditugu datozen asteotan.

Joango gara hurrengo klasikoak pixkanaka aurkeztuaz baina azken urteetako klasikorik onenen aurrean gaudela uste dut, Boonen, Bettini, Cancellara, Ballan, Bennati, Pozzato, Kroon, Nuyens, O’Grady, Flecha, Freire, Gusev, Hoste eta abarrek hori pentsatzera naramate behintzat.