Eta orain zer?

Puerto OperazioaDenok jabetuko zineten bezala, hasi da aurtengo txirrindularitza denboraldia. Eta baita ProTourra ere. Baina egun hauetako notizia beste bat da:

Puerto Operazioa daraman epaileak, Serrano jaunak, kasua artxibatzea erabaki du. Gezurra dirudi. Hainbeste hauts harrotu eta orain dena dagoenean utzi eta ahaztera. Epailearen iritsiz tartean zeuden kirolari, zuzendari eta medikuek ez dute inolako lege hausterik egin. Ezin dut sinetsi! Norenak ziren bada aurkitu zituzten odol-poltsak? Eta zertarako? Eta sustantzia ilegalek, ez al zuten jaberik?

Gaia oso delikatua da eta ni ez naiz lege kontuetan aditua, inondik inora! Baina adarra jo digutenaren sentsazioa daukat.

Gainera, horrela izanik, kaltetuak irten diren txirrindulari eta abarrek (Manolo Saizek ere bai?) kalte ordainak jaso beharko dituzte ba, ez? Eta Ullrichek zer eskatu behar du?
Ni jada ez dakit zer egin. Bi aukera ditugula deritzot:

Dena ahaztu eta ezer gertatu ez balitz bezala txirrindularitza ikusten jarraitu, irabazlearengatik poztu, tropela.eus-eko lehiaketetan parte hartu eta abar.

Edota iazko frogak (odol poltsak, dokumentuak, diru kantitate handiak, sustantzia debekatuak eta abar) gogoan izan eta txirrindulari asko eta asko adarra jotzen ari zaizkigula pentsatu…

Bai, egia da. Bigarrenaren hautua egiten dutenek, jada ez dute txirrindularitzaz gozatzerik izango baina…

Zuek zein jarrera hartu behar duzue?

Batzuen ustez, oraindik kirol arloan zigorrak etor daitezke. Baina txirrindulariek positiborik eman ez badute, UCI txirrindulari hauek zigortzera ausartuko al da? Ez dut uste. Akabo.
Niri kiratsa jasanezina egiten ari zait baina halere Euskal Herriko Itzulian Tropela.net-eko txapelketan parte hartuko dudalakoan nago eta deskuidatuz gero, bide bazterrean lasterketa ikusten izango naizela iruditzen zait eta.