Gazteen ordua?

nibali.jpgUrteak joan, urteak etorri, bai txirrindularitzan, bai beste edozein kiroletan, denboraldi hasieran aurreikuspenak egin izan ohi dira. Urte bukaeran ezer gutxi asmatu dela ikusten bada ere, denok gara zaleak bere aurreikuspenak ematen, norberaren intuiziotik harutz ezer ez baldin badakigu ere. Ez noa urtean zehar izan daitezkeen izar handiei buruz ezer idaztera, denon ahotan dabiltzan Basso, Valverde, Boonen, Bettini edo Vinokouroven izenak esateak ez baitu inongo ekarpenik egiten. Ezagutuko dituzuen, baino gutxiago entzuten diren txirrindulari gazteei buruz pare bat hitz egitea nahiago nuke.

Marcus Fothen

Iaz Cunegorekin lehia gogorra izan ondoren, Tourreko gazterik onenaren maillota galdu zuen azken momentuan. Aurreko urtean Giro polita egin eta iaz Tourrean ere ondo moldatu daitekeela erakutsi du, eta urtetik urtera aurrera doala erakusten du. Erlojupekoetan habila, datozen urteetan itzuli handietan kontutan hartzen hasi beharko dugun txirrindularia.

Vincenzo Nibali

Asko espero dut txirrindulari italiar honengandik. Klasiko batzuetan, itzuli txikietan eta itzuli haundietan ondo ibiltzeko ahalmena duela iruditzen zait. Debuta Fassa Bortolon egin ondoren, Liquigasen dago, eta aurtengo hau bere gorakadarena izan daiteke. Oso gustuko dudan txirrindularia, indar pixkat duen bakoitzean aurrean dagoela esateko bere burua agertzen duen horietakoa.

Igor Anton

Aspalditik espero da asko euskal txirrindulari honetaz, hala ere, iazko Espainiako Itzuliko etapa garaipenak denen ahotan jarri du gazte hau. “Lotsagabe” puntu bat duela ere erakutsia, aurreko urtean Giroko etapa batean, Bettiniren gurpilera irten eta erasotzen saiatu zelako. Hori bai, “lotsagabe” puntu hori oso ona da, beharrezkoa esango nuke, profesional mailan gora egiteko.

Gerald Ciolek

Aditu askok, sekulako hanka indartsuak dituen txirrindulari gazte hau, datozen urteetako esprintetako dominatzailea izatera iritsi daitekeela diote. Iaz talde apalago batetan (ondorioz, lasterketa apalagoetan) ibili ondoren, aurten T-Mobilen izango dugu. Agian azkartxo izango da gure partetik aurtengo denboraldian Boonen, McEwen, Petacchi edo Hushovd bezalako txirrindularien aurrean garaipenak lortzea eskatzea, baina gauzak ondo joanean, bere mailaren berri ematen hasiko dela uste dut. Ez agian denboraldiko lasterketarik garrantzitsuenetan baina urtean zehar garaipentxo batzuk lortzeko moduan dela uste dut. Kontutan hartu izen hau datozen urtetako esprintetako.

Andy Schleck

Bere anai Franck Schleck-en taldekidea baino hobea izango dela diote askok. Martxa honetan ez dio lan erraza ipini behar Franck-ek baina iaz hasi zen jadanik bere mailaren izpiak erakusten eta aurtengoan ere gora egin behar du. CSC bezalako talde handi batean egoteak bizkar gainetik presio asko kenduko dio, eta hori ere lagun izango du. Adi egon beharko Schleck abizenarekin, bai Frank bai Andyrekin.

Marco Marzano

Italiako afizionatu mailan oso ondo ibilia, oraindik lasai daramate Lampre taldean. Igotzaile bikaina, honek ere aurten gorakada egin beharko luke. Cunegoren itzalean egoteak lagundu diezaioke bere maila pixkanaka igotzen, ez duelako izango hain zorrotza izan ohi den “tifossi” italiarren presiorik jasango. Ez dut ezagutzen bere denboraldiaren antolamendua baina ez nintzateke harrituko Cunegoren laguntzaile gisa joatea Girora eta bertako mendiko etapetan aurrean agertzea.

Aipatu ditudan izen danak aurten nabarmentzea ez da erraza izango, zaila delako denak urte berean jausia egitea, hala ere, seguru denek aurrera egingo dutela, eta aurtengoan ez bada, datozen urteetan zer esan asko emango dutela.