EUTSI! Martxoak 9 gure zinemetan!!

Eutsi KartelaNormalean webgune honetan ez dugu euskarazko filmen berri ematen baina oraingo honek txirrindularitza ardatzetako bat duenez gure ekartzea otu zaigu. Alkain, Hormaza eta konpainia tartean izanda umorerik ez da faltako. Ni behintzat, txirrindularitza zalea izanik, hain zinefiloa izan ez arren, filma ikusteko irrikitan nago. Ikusten dugunean komentatuko dugu gehiago. Orain itxarotea dagokigu. Bitartean hemen doakizue Baleuko etxekoak zabaltzen ari diren sinopsia.

Sinopsia

Kepa eta Martin haurtzaroko lagun minak dira, txirrindularitza zaleak. Berrogeina urte inguru dituzte eta lan egiten duten enpresa, Saldix Corp., bi urtez dabil gatazkan langileekin. Enpresa beste nonbaitera eramango duten zurrumurrua zabaldu denean, Martin aita izateko puntuan dago, eta krisialdi batean murgilduko da. Bi lagunak ika-mika hasiko dira, Kepa langabeziak sorturiko egoerara egokitu baita.

Beren adiskidantza apurtzear dagoenean helburu bat sortuko da: beren protestak Frantziako Tourrera eramatea. Horretarako, enpresako auto bat lapurtu beharko dute, sindikatuaren egoitzan dagoen materiala hartu, eta Pirinioetara joan azkar batean. Eta hori guztia, Zuriñe izeneko kazetari gazte baten laguntzarekin. Neskaren presentziak mota guztietako sentimendu kontrajarriak eragingo dizkie biei.

Bitartean, enpresako gerentea den Iñigok iheslarien atzetik irten beharko du, bi iheslariek, jakin ez badakite ere, agiri garrantzitsu bat daramatelako beraiekin.