tropela.net: Munduko Txapelketa ere bai!

Munduko Txapelketako logoaZalantza batzuk izan ditugun arren gure bezero fidelenei sorpresatxo bat ematea erabaki dugu eta hori dela eta, aurten lehiaketek izan duten arrakasta ikusirik, Munduko Txapelketan ere lehiaketatxoa martxan jartzea erabaki dugu. Munduko Txapelketak fama handia du eta egun bakarreko proba luze eta gogorra izan ohi da eta nazioka jokatu ohi da. Irabazleak, urte osoan zehar ortzadar koloreko maillota eramaten du, munduko txapeldun denaren seinale.

Munduko Txapelketa egun bakarreko proba izaten denez, lehiaketa apur bat xelebrea izango da baina ikusiko dugu nola ateratzen den. Txirrindulari zerrenda eta arauak (arauak betikoak izango dira baina puntuazio taula aztertzea komeniko da) astelehen gauean prest izatea espero dugu, beraz, asteartetik igandera bitartean izango duzue Munduko Txapelketarako zuen taldea egiteko aukera. Taldea egiteko epea, beti bezala, proba hasten den orduan amaituko da, Irailaren 24ean 11ak aldera, alegia. Adi egon datorren igandean da eta.
Iaz Madrilen jokatu ziren eta aurtengo txapelketak Austrian, Salzburgo hirian egingo dira. Proba nagusia, elite mailako gizonena, Irailaren 24ean, igandean jokatuko da.

Aurten 3 aldiz munduko txapeldun izan den Oscar Freire espainiarra ez da irteeran izango. Faborito nagusiak Tom Boonen belgiarra (iazko garailea, argazkian erdian), Alejandro Valverde espainiarra (iaz bigarren), Paolo Bettini eta Danilo Di Luca italiarrak, Alexandre Vinokourov kazakhstandarra, Thor Hushovd norvegiar azkarra eta abar dira baina egun bakarreko proba izatean sorpresa ugari izan ohi da.

Iazko podiumaHalere, proba luzea eta gogorra izaten da eta ondorioz, urtero txirrindulari bikain batek irabazi ohi du. Munduko txapeldun izan direnen zerrenda begiratu besterik ez dago horretaz jabetzeko. Zerrenda horretan Igor Astarloa ermuarra eta Abraham Olano anoetarra ere aurki ditzakegu.

Aurten ez da euskaldunik izango Salzburgon gizonezkoen proban. Ea egunen batean gure selekzioa ere munduko txapelketa hauetako batean lehiatzen ikusteko moduan garen.

Astean zehar entretenitzeko galderatxoa: Aurten nortzuk osatuko dute podiuma? Eta erlojupekokoa?

Egin apustu!