Aurtengo Espainiako Vueltak badu jabea: Alexandre Vinokourov kazakhstandarra. Itzulia aurrera zihoan heinean hobera egin du eta mendiko lehen etapan onenekiko pare bat minutu galdu bazituen ere egunek aurrera egin ahala izugarrizko maila lortu du.
Hiru etapa garaipen lortu ditu atzo bertan 33 urte bete zituen gizonak: Bata azken kilometroan tropeletik ihes eginaz, bestea mendian eta bestea, atzoko erlojupekoan. Eta beste pare bat etapa oparitu ditu (Danielson eta Kashechkin-i). Baina bere jarrera erasokorrari esker eta Alejandro Valverderekin izan duen lehia estua zela eta etapa politak ikusi ditugula esan behar.
Balorazio positiboa egin beharko genuke, baina Puerto Operazioaren ondoren ezin gara ezertaz fidatu, ni ez behintzat. Eta gutxiago Espainiako Vueltako lehen hiru gizonak zein diren ikusita. Irabazlea eta hirugarrena (Kashechkin) orain arte Liberty izena zuen eta Manolo Saizen zuzentzen zuen taldearekin daude dauden tokian, nahiz eta taldeari izena aldatu eta telebista aurrean zuzendari lanetan Herminio Diaz Zabala eta Neil Stephens izan.
Oraingoz, Manolo Saizena da taldea eta Puerto Operazioan nahiko argi geratu da, taldeko horretako ziklista gehienek (denek ez esateagatik) Eufemianoren “tratamendua” hartzen zutela.
Vuelta honetako bigarrena, berriz, Alejandro Valverde, Eufemianoren beste bezeroetako bat izan zen urte batzuetan eta hori frogatzeko Puerto Operazioaren ondoren ateratako izenen artean agertzen zen 10. Valv (Piti) bera dela inork ez baitu zalantzan jartzen (beno, Guardia Zibilak oraindik bai).
Beraz, Vuelta polita ikusi dugu eta horrekin konformatu beharko gara. Baina ez dezagun gehiegi pentsatu txirrindularien “garbitasunean” ez baitugu ondorio pozgarririk aterako. Sentitzen dut baina txirrindularitzak sinesgarritasun guztia galdu du niretzat. Halere, ikusgarria izaten jarraitzen du eta ikusten jarraituko dut.
Zuentzat zer nolakoa izan da Vuelta? Ez al zaizue iruditzen epez kanpo dagoela eta Espainian afizioa asko gutxitu dela?
*** Tropela.net ***
Lehiaketari dagokionez, esan, azken etapan lider aldaketa izan dugula eta joxeja azkoitiarra izan dugula aurtengo Vueltako irabazlea. Tropela Elkartekoak enteratu garenez, azkoitia aldean afizio handia dago porrak egiteko eta aurtengo garailea peña horietako bateko kidea dugu. Ia-ia profesionala alegia. Bigarren postuan Amama arrasatearra geratu da 15. etapatik bigarren postu horretan egon dena. Eta Tropeleko podiumean hirugarren emO legazpiarra izan dugu. Azken hau zertxobai triste geratuko zen 10. etapatik lidertzan izan ondoren azken egunean bik aurre hartu diotelako.
Hirurei dagokien saria, Kaiku txirrindulari taldeak eskainitako erlojupekorako trajea, etxera bidaliko diegu. Zorionak guztioi!