DVDari agur?

Jada hilabete batzuk aurrerago gogoz nintzen gai honi heltzeko, seguru bainago askok Blu-ray Disc eta HD DVD terminoak entzun dituzuela. Baina zer dira eta zer suposatzen dute?

Blu-ray DiscDakizuen bezala, multimedia aplikazio berriek eta definizio altuko telebistek informazio gehiago eskatzen dute, DVD batek gorde dezakeena baino gehiago. Beraz, DVDek baino gaitasun handiagoko diskoak beharrezko suertatu dira. Gogoan izan DVDaren aurretik CDa izan zela eta arrazoi beragatik DVDa merkaturatu zutela. Tendentzia argia da, zenbat eta aplikazio osatuago edo irudi definituagoak izan, orduan eta leku gehiago behar da.

Blu-ray Disc eta HD DVD diskoak izango dira hau gaituko dutenak. Baina bi? Zergatik? Erantzuna sinplea da. Zenbaitek gogoratuko duzue BetaMax eta VHS formatuen artean izan zen hika mika orain hainbat urte, bada oraingoan ere antzeko zerbait gertatzen ari da. Konpainiak bi formatu hauen artean banatu dira beraiena aukerarik onena delakoan. Denborak esango du zein izango den formaturik estandarizatuena.

Blu-ray Disc edo BD formatuaren atzean Sony eta Philips etxeak aurkitzen dira, CD formatuaren promotoreak izandakoak. Hauek Blu-ray Disc Assotiation erakundea zuzentzen dute eta bertan 20th Century Fox, Apple, BenQ, Buena Vista Home Entertaiment, Dell, Hewlett-Packard, Hitachi, LG Electronics, Metro Goldwyn Mayer, Panasonic, Mitsubishi Electric, Paramount, Pioneer, Samsung, Sharp, TDK, Thompson eta Warner Home Video konpainiak biltzen dira.

Disko hauek kapa bakoitzeko 23,3 eta 27 GB artean gordetzeko ahalmena dute. Dagoeneko kapa bat baino gehiago izateko frogak egiten ari omen dira, 4 eta 8 kapetakoak. Kasu hauetan 200 GB gordetzeraino iritsiko lirateke disko hauek, DVD batean gorde daitezkeenak baino 42 aldiz gehiago. Erreprodukzioan lortu dezakeen informazio transferentzi tasa 72 Mb/s-koa da, egungo DVDena 11 Mb/s-koa denean. Interaktibitatea ere hobetu nahi izan da eta horretarako BD-J sistema garatu dute, Java programazio lengoaian oinarritua.

Formatu hau, ordea, guztiz berria da eta ondorioz BDak irakurtzeko gailuen prezioak ere altuak izango dira. Urrian omen dira zenbait kaleratzekoak eta prezioak 600 eta 1400 euro inguruan ibiliko omen dira.HD DVD

HD DVD formatua, berriz, DVDaren garapen naturala dela esan daiteke. Izenak berak ere horretara garamatza: High Definiton DVD.

Formatu honen atzean bildu diren konpainiak Toshiba, NEC, Sanyo, Microsoft, Intel, Canon, Fujitsu, HP, Hitachi, Lenovo, Sanyo, Teac, Paramount Pictures, Warner Home Video, New Line Cinema eta The Weinstein Company dira. Konturatuko zineten bezala, zenbait konpainiek ez dute argi eta bi formatuen alde agertzen dira.

HD DVDa DVDaren oso antzekoa da. Kapa bakoitzean 15 GB gordetzeko aukera eskaintzen du, kapa bikoitzean 30 GB. Agerikoa den bezala, BDaren aldean kapazitate txikiagokoak dira, horregatik hiru kapetako diskoak iragarri dituzte, 45 GB gordetzeko ahalmena izango luketenak. Disko hauen informazio transferentzia tasa 36,55 Mb/s-koa da. Interaktibitateari dagokionean, iHD teknologia garatu dute eta honi esker pelikulen gainean pop-up leihoak irekitzeko aukera eskainiko zaigu.

Ikusten den bezala Blu-ray Disc formatuak emaitza hobeak ematen ditu, baina HD DVDak egungo DVDaren hariari jarraitzen dio. Bat erabat berria da eta bestea garapena. Formatu berriak garatzea kostu handiagoa dakar, besteak ez. Beharbada nahikoa da HD DVDa egungo beharrei erantzuteko. Hala ez. Nik neuk ere ez dut argi ikusten etorkizuna. Beharbada gabonak arte zain egon beharko dugu lehen keinuak ikusteko. Zer irizten diozu?

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.