Amestutako saria Jose Luisentzat

Arrieta irabazleUrteak daramatza Jose Luis Arrietak (Ag2r) bere taldekideentzat zintzo eta gogor lanean. 1993az geroztik hain zuzen ere. Duela 10 urte Asturiasko Itzulian etapa bat irabazia zuen. Bakarra. Horrekin egingo zuen amets, ez zuen inoiz ahaztuko. Baina izango zuen beste ametsen bat ere, kirolari guztiek dutena, garaipenen bat lortzea. Gaurtik aurrera beste oroitzapen zoragarri bat izango du gogoan eta Espainiako Vueltako etapa bat poltsikoan.
Zorionak Jose Luis zure lan eskerga eta adorearengatik!

Ihesaldi bat iritsiko zela helmugara nahiko argi zegoen, Vuelta nahiko erabakita geratu zelako atzo eta bihar azken testa izango dutelako, erlojupekoa. Halere, ez da erraza izaten ihesaldia harrapatzea eta gaur euskaldunek emaitza bikaina lortu dutela esan behar. Ihesaldian sartu diren 8 ziklistetatik ia erdiak, beno, hiru, euskal herritarrak baitziren: Aketza Peña (Euskaltel-Euskadi), Txente Garcia (Caisse d’Epargne) eta Jose Luis Arrieta (Ag2r).

Hiruretako inor ez da taldeko esprintetan oso azkarra eta gainera iheskideen artean aurkari gogorrak zeuden (Gusev, Fofonov…). Baina hiru izatean esperantza eduki beharra zegoen.

Azkenean, lehia polit baten ondoren, honelako etapetan esperientzia eta zortea behar direla argi geratu da eta Jose Luisek etapa ehiztari on baten pare irabazi du. Ederra!

Euskaldunentzat 3. etapa Vuelta honetan. Urteak dira honelako emaitza onik lortzen ez genuela. Italiarrek, espainiarrek eta kazakhstandarrek bakarrik lortu dituzte euskaldunek bezala 3 etapa irabaztea Vuelta honetan.

Egoientzat mendiko sailkapenaHorretaz gain, euskaldunentzat egun ezin aproposagoa izan da, Egoi Martinezek (Discovery) mendiko lidertzari eutsi diolako eta geratzen diren bi etapetan mendi puntuagarri gehiago ez dagoelako. Ondorioz, aurtengo mendiko sariak ez dio ihes egingo Etxarri Aranazkoari. Bejondeiola!

Pena izan da sailkapen nagusian euskaldunik ez izatea hor puntan, baina orokorrean itzuli honetan lortutako emaitzak oso onak izan direlakoan nago. Eta taldekako sailkapenean, Euskaltel-Euskadi taldeak 4. postuan bukatuko duela dirudi. Postu oso ona.
Ea datozen egunetakoren batean herrialdekako UCI ProTourreko sailkapena jartzen dugun Euskal Herria kontuan hartuta. Ez dut uste postu txarrean amaituko genukeenik.