Zer nahi ote du?

Mayo eta GorospeGure etxeko taldea datorren urterako taldea zehazten ari dela kontu jakina da. Mikel Astarloza, Jorge Azanza, Amets Txurruka eta Aitor Galdos fitxatu dituzte eta talde sendoa osatzeko lanetan ari dira. Fitxaketa onak dira nire ustez, nahiz eta laurak ere ez izan oso garaileak. Orain arte.

Talde sendo batek, ordea, liderra behar du, irabazle bat behar du eta hori, azken urteetan, Iban Mayo igorrekoa izan dugu. Bai, egia da 2004ko Tourretik ez duela burua altxa aurten arte eta aurten, berriz ere, lehengo bidera itzultzen ari dela dirudienean (nahiz eta Tourrean huts egin niri ulertezina egiten zaidan neurrian) kontratua bukatu egiten zaio.

Izugarrizko klasea duen txirrindularia da eta taldean Samuel Sanchez asturiarrarekin batera garaipenak lor ditzakeen bakarrenetakoa. (Haimar Zubeldiak ere klase handia duela deritzot baina garaipenen lehiatik hurrunago ibiltzen da nahiz eta askoz erregularragoa izan).

Hori dela eta, etxeko taldean, gure selekziotxoan Iban bezalako bat ezinbestekoa dela deritzot eta taldeko arduradunei esfortzu berezi bat egiteko eskatu nahi nieke. Prentsara gauza gutxiago filtratu eta beraien artean zuzenean gehiago hitz egin dezatela.

Gaur Igor Glez. Galdeanok esandakoaren arabera bizkaitarra taldean geratzea nahi dute eta saiatuko direla esan dute baina egia esateko, oso itxura txarra hartzen diet deklarazioei. Egoera oso larria dela eta Mayok hanka bat eta erdi taldetik kanpo duela uste dut. Gainera gogoratu besterik ez dago Madariagak duela pare bat aste ere prentsara zabaldutakoak.
Julian Gorosperena egin zuen eta orain Iban bota behar al dute? Horiek al dira negoziazio bat berrekiteko moduak, prentsara berria zabalduz?

Eta Ibanek, berriz, zer nahi ote du? Hemen baino maitatuago izango al da beste talde batean? Diruagatik ote? Edota konfidantzazko zuzendariekin nahiago du?

Nik ez daukat arrastorik. Ea zuek laguntzen didazuen. Haimar ez da horren garailea baina Tourrean eman duen mailarekin horrelako txirrindulariek, taldean, hau da, gure selekzioan egon behar luketela uste dut.
Gauzak honela egonda zaila ikusten dut Ibanek eta Haimarrek lan txukuna egitea asteburu honetan hasiko den Espainiako Vueltan. Horregatik esan al du Igorrek berak Samuel Sanchez ikusten duela lider moduan itzuli honetarako? A ze estrategia mordoa. Ez dut ezer ulertzen.