“18. Valv (Piti)”… bera al da?

Valverde eskuak igotaIlusio guztia galdu dut. Azken hilabeteetan Puerto Operazioan atera diren paper guztien artean 18 zenbakiarekin Valv (Piti) delako ezizena agertu zen. Beste askoren izenak berehala kaleratu ziren komunikabideetan baina beste batzuk pixkanaka ezkutatuz joan dira. Zer gertatu da? Inork ez al digu azalpenik eman behar? Izugarrizko kiratsa zerion (eta dario) niri izugarri gustatzen zitzaidan (eta zaidan??) kirolari, txirrindularitzari. Baina, txirrindulari guztiak al daude dopaje sistematikoren batean sartuta? Egia ote? Auskalo. Nik ez dakit. Ikusten dudanak baietz esaten didan arren ez dut sinetsi nahi…

Jada, pentsamendu horiek pixka bat ahaztuak nituen baina gaur, azken 300 metroetan Uci ProTourreko liderrak eman duen indar erakustaldiak, poztu beharrean (nire tropeleko taldean badaukat) berriz ere, burumakur eta nahiko etsita geratu naiz. Ez dut ulertzen Valverde izena duen txirrindulari batek, bere ibilbide profesionala Kelme talde fantastikoan hasi zuena, eta gainera, bere zakurrak Piti izena duela jakina denean, nolatan bai Tourrean eta baita Vueltan ere lasai asko parte har dezakeen, beste txirrindulari mordoska bat baztertuta eta ahaztuta dauden bitartean…

Legeek berdinak behar lukete guztientzat eta kasu honetan ez dela horrela izan iruditzen zait. Non dago kirolari mordoska bat zeuden zerrenda beltz hura? Zergatik atera dira haizetara txirrindulariak bakarrik? Eta zergatik txirrindulari batzuk bakarrik?

Zergatik jarraitu behar dugu ziklistei animatzen, gero garaileataz zalantzak izango baditugu beti? Italiako Giroko garailea (Ivan Basso) Puerto Operazioko zerrendan, Tourreko garailea (Floyd Landis) Tourrean positibo testosteronarekin, iazko Espainiako Vueltan (Roberto Heras) EPOarekin positibo izanik, zer pentsatu behar du aurten Valverdek (edo beste edozeinek) Espainiako Vuelta irabazten duenean? Adi amerikarren izar berriarekin, Janez Brajkovic. Bera eta Sastre dira Valverderen etsai nagusiak itzulia lehiatzeko.
Txirrindularitza tunel oso ilun batean sartuta dagoela argi dago eta hori horra eraman dutenak txirrindularitza munduko guztiak dira, bai taldeetako zuzendariak, bai medikuak, bai federazioetako jendea eta baita txirrindulariak ere.

Ez dakit txirrindularitza zulo honetatik onik aterako den. Nik behintzat ilusioa galdu dut. Txirrindulariei animatu nahi diet, euskaldunei animatu nahi diet baina… Zuen iritzien zain geratzen naiz.