Gorosperen amaiera Euskaltel-Euskadin

Julian GorospeAtzo plazaratu zuen taldeko zuzendaritzak berria prentsa ohar baten bidez. Julian Gorospe hamar urteren ostean taldeko egituretatik kanpo geratuko da urte amaieran.

Jakina zen Igor Glez. Galdeano taldera etorri zenetik Gorospe eta bien arteko harremana ez zela onena. Pentsa liteke hori izan dela erabaki hau aurrera eramateko arrazoia, baina taldea berregituratzeko asmoa agertu du taldeak eta proiektu berri honetan ez dute Gorospe taldean ikusten.

Argitaratu denaren arabera, Juliani atzo Derioko bulegoetara joateko deia egin zioten. Bertan Madariaga eta Galdeanorekin bildu zen eta bi minutu inguru iraun zuen bileratxoan erabakia jakinarazi zioten. Emandako arrazoiak, aurrez aipatutakoak.

Gorosperen hitzetan bera lasai dago. Hamar urte izan dira taldean eman dituenak, maillota txuri-gorri-berdea zenetik Tourrean korritzera ailegatu den talde laranja osatu eta sendotu arte. Bera gauzak ondo egin dituelakoan dago nahiz eta askotan txirrindulariekin bigunegi izatea egotzi; txirrindulari bat gaizki aurkitzen bada ezin ziola exijitu argitzen du.

Kontratua amaitu artean zuzendari izaten jarraituko du, baina irailean ez da Espainiako Itzulian izango, Poloniakoan baizik.

Etorkizunari begira, Gorospek txirrindularitzari lotua jarraitzeko asmoa agertu du. Bere hamar urtetako esperientziak beste lekuren baterako erabilgarria izan daitekeelakoan dago eta txirrindularitzari zer emanik baduela deritzo.

Julian Gorospe batzuri besteei baino gutxiago gustatuko zaie, baina garbi dagoena da Euskaltel-Euskadi iritsi den lekura iristen berak egindako lanak lagundu duela. Lan txukun hori errekonozitu eta eskertu beharra dagoelakoan gaude. Eskerrik asko Julian eta zorte on!