Euskaltel-Euskadiren erakustaldia Urkiolan

Mayo Urkiolan irabazle helmugaratzenAspaldi ez genuen ikusten Euskaltel-Euskadi horrelako erakustaldirik ematen. 2003 eta 2004 urteetako garaiak ekarri zizkidan gogora. Egia da Urkiolako Igoera ez dela garai batekoa eta ProTour mailatik oso urrun dagoela baina zaletuak gozatzeko horrelako lasterketa batzuk irabaztea inoiz ez dator gaizki. Talde laranja proba irabazteko talde sendo batekin etorri zen eta aurkari gutxi izan arren Valverde, Karpets, Ricco, Pecharroman, Serrano eta abar ere proba hori irabazteko asmotan etorriko ziren. Azken igoeraren aurretik izandako erorketak ere asko lagundu zion taldeari hautagaietako batzuk indar asko xahutu behar izan zituztelako tropelera itzultzen.

Gauzak honela Iban Mayok ez zuen aurkaririk izan Urkiolako Igoera irabazteko. Euskaltel-Euskadiko liderra gorputzaldi onean da, ezinhobean esango nuke, eta hau bai buruz eta bai hankaz ongi dagoenean geldiezina da. Eta denok dakigun bezala, liderra ongi dabilenean talde osoa ere askoz hobeto ibiltzen da eta halaxe izan zen.

Taldeko guztiek izugarrizko lana egin zuten eta azkenean lasterketa irabazteaz gain, Igor Anton 3. sailkatu zen eta Antton Luengo seigarren. Helmugan irabazleak talde osoaren lana goraipatu zuen.
Aipamen berezia merezi du Kaiku taldeko Richi Serranok ere. Hernanin bizi den espainiarra azken lasterketetan aurrealdean ikusten ari gara baina ez du lasterketarik irabazterik lortu. Lan ona Kaikurena ere. Gogoratu Kaiku taldearen azken laterketak direla, irailean desagertu egingo baita. Pena bat.