Euskal Herriko bigarren proba handia

Garate gaineanEuskal Herriko Itzuliarekin batera Donostiako Klasika da hemen etxean jokatzen den beste proba nagusia. Bihar da egun handia eta urtero bezala txirrindulari on mordoska bat etorriko dira egun bakarreko proba honetan lehiatzera. Gainera, UCI-k iaz abian jarri zuen ProTour horretako lasterketa bat denez talde indartsu guztiak elkartuko dira bertan eta baita etxeko beste taldea ere, Kaiku, antolatzaileen gonbitea jasota.

Ibilbide aldetik azken urteetako bera izango da aldaketa txiki bakarrarekin, getariatik Garate gaina igo beharrean (argazkikoa), zarauztik zuzenean Meagara igoko dira, getariatik pasa gabe. Horren arrazoia: bidea erorita dagoela eta ia urtebete daramatela konpontzen hasi gabe. Oraintxe hasi omen dira konpontzen.

Beraz, urtero bezala bukaera samarrean dagoen Jaizkibelgo igoerak puskatuko du lasterketa eta hortik helmugara, igoeran sortutako taldetxoetan ea zelan konpontzen diren eta nor den indartsuena eta nola ez, zein den argiena, ikusi beharko dugu. Batzuek bakarrik iritsi nahiko dute eta azkar samarrak direnek taldetxoa osorik iristea nahiko dute helmugara. Oraindik erasorako aukera izango da Gurutze gainean eta ordura arte puskatu ez dena, hemen puska daiteke.

Azken bi urteetan Saunier Duvaleko txirrindularientzat izan da txapela. Duela bi urte multzo bateko esprintean Perdiguerok irabazi zuen eta iaz, Tino Zaballak irabazi zuen bakarrik iritsita. Bere atzetik minutu erdi batera J.Rodriguez, Mazzoleni, Garzelli, Bru, Moncoutie eta Zubeldia iritsi ziren. Bi euskaldun lehen zazpi postuetan. Ea aurten hori hobetzen dugun.

Urtero bezala, faborito asko daude eta izenak botatzen hasiz gero zerrenda luzea osa liteke: Perdiguero, Freire, Menchov, Boogerd, Vinokourov, Rebellin, Valverde, Chavanel, Bettini, Guerini, Mazzoleni, Di Luca, Garzelli, Cunego, Samuel Sanchez, Casar, Richi Serrano…

Euskaldunak ere aurrean ikusiko ditugu eta hauetako batzuk irabazteko hautagaiak dira: Iban Mayo, David Herrero eta Haimar Zubeldia Euskaltel-Euskadikoak, Mikel Astarloza (Ag2r), Patxi Vila (Lampre), Juanma Garate (Quick Step), Koldo Gil (Saunier Duval) eta ea beste batzuk ere aurrealdean azaltzen diren…

Zuek zeinek uste duzue jantziko duela aurten txapela? Eta zeintzuk izango dira berekin podiumean?