Tropeletik bertatik

Ordu gutxi falta dira Italiako Girora eramango gaituen hegazkina hartzeko, eta ilusioz betetako maleta hartuta bagoaz berriz ere hilabeterako. Giroan debutari izateak ere errespetu pixka bat ematen du, eta ibilbidea ikusteak zer esanik ez. Hala ere nahiko baikor nago bai taldean baita nere egitekoari buruz. Agian zaletuek, pentsatuko dute nahiko talde apala eramango dugula, baina nik ez dut hori uste. Sailkapen orokorrerako baliteke lider garbirik ez izatea, baina David Lopezek hemen izan dezake aurrerapausu bat emateko aukera. Ez dakit 10 lehenetan bukatuko duen, baina seguru nago ez dituela lehenengoak aparte izango. Eta etapa garaipenerako, hor daukagu taldeko ”aitona“. Laisekak gutxitan huts egiten du, eta 3 itzuli haundietan irabazteak eta bere alabaren jaiotzeak ederki motibatu dute. Nere aukerei dagokienez, nahiko gustora sentitzen naiz, eta saiatuko gara etaparen bateko lehian aritzen, eta talde lana egiten.

Bat nator Giroa italiarren lasterketa izango denaren pentsakerakin. Simoni, Basso, Cunego eta Savoldelli dira hautagai nagusiak, baina ezin ahaztu Ardila, Rasmussen, Rujano eta Juanma Garate ere. Euskaldunen artean, Unai Osarekin batera, Juanma da Giroan zerbait egitea zer den dakien bakarra, beraz, adi egon behar berak egindako lanari. Ez nuke bukatu nahi Patxi Vilari buruz hitzegin gabe. Izugarrizko txirrindularia egin da Patxi, eta aurtengo denboraldia bikaina izaten ari da beretzat. Seguru lan izugarri ona egingo diola Cunegori, eta ea zaletuek behar bezala baloratzen duten.

Besterik gabe, ea Giroaz gozatzerik duzuen, eta euskal txirrindularien lanari esker bada askoz hobeto.

Laster arte!!